Maider Quintanilla Lago
ARKITEKTURA

Hiria metro bateko altueratik

Autoz gainezka dauden hiri modernoak ez daude haurrentzat diseinatuta, haiek espazio berdeak eta kale seguruak behar baitituzte jolasteko, sozializatzeko, esperientzia berriak ezagutzeko eta eskolara oinez joateko. Francesco Tonucci hezitzaile eta ilustratzaile italiarrak jada proposatu zuen hori «Haurren hiria» liburuan.

Neskato bat iturri bateko urarekin jolasean, parke publiko batean.
Neskato bat iturri bateko urarekin jolasean, parke publiko batean. (Cheng Xin - Nadezda Lacheev | Getty Images)

Haurrak kalean libre mugitzeko, jolasteko eta arakatzeko aukera badute, espazio publikoa segurua, irisgarria eta gizatiarra dela esan nahi du», zioen Francesco Tonucci pedagogoak. Hartara, nolakoak dira gure hiriak biztanle txikienen begiradatik? Azter dezagun.

Gaur egungo hiri inguruneak, oro har, ekoizpenera bideratutako pentsamoldearekin garatu direla esan dezakegu. Industrializazioak eta produktibitatearen premiek autoa, erritmo bizkorra eta espazio funtzionalak lehenetsi dituzte. Aitzitik, jolaserako guneak eta oinezkoen ibilbideak askotan ez dira behar bezala zaindu eta pentsatu, eta, horren ondorioz, bistakoa da hainbat kolektibo baztertuta geratu direla; haurrena, esaterako.

Hala eta guztiz ere, hirigintzaren eta pedagogiaren arteko elkarreraginak ikuspegi berriak zabaldu ditu azken hamarkadetan. Horien artean nabarmena da Tonuccik biztanle txikienak aintzat hartzeko proposatutako hiri eredua: “Haurren hiria”. Pedagogo italiarraren ekarpena galdera sinple baina sakon batzuetatik abiatzen da: non daude haurrak gaur egungo hirian? Eta, batez ere, zer gertatuko litzateke hiria diseinatzerakoan haiek erdigunean jarriko bagenitu? Ez dira, inondik inora, erantzuteko galdera errazak. Izan ere, gure hirien antolaketa sakonki aztertzera garamatzate, hots, biztanle txikienen lehentasunak eta beharrak ulertzera, bai eta haien arabera hiria berrantolatzera ere. Haurrek ez dituzte merkataritza gune erraldoiak eskatzen, baizik eta segurtasunez zeharkatu daitezkeen kaleak, elkartzeko berdeguneak eta eskolarako ibilbide atseginak.

Historikoki, kalea izan da gazteenen espazio nagusia; bertan jolas egin, arauak asmatu, gatazkak konpondu, eta mundua ezagutu izan dute. Gaur egun, aldiz, kaleko segurtasun eskasak eta gurasoek seme-alabekiko izan nahi duten etengabeko kontrolak adin txikikoen presentzia jolastoki hesituetara mugatu dutela esan dezakegu. Horrek ez du soilik hiriko biztanle txikienen autonomia mugatu; eragin nabarmena izan du gainontzeko biztanleen ongizate mailan. Beste modu batera esanda, haurrak kaleetatik “desagertu” egin dira, eta, ondorioz, espazio publikoa ere pobretu egin da; kaleak hustu egin dira, eta auzo harremanak eta bizitza kolektiboak indarra galdu dute. Hortaz, atera daitezkeen ondorioak argiak dira: gazteek kalean duten presentzia hiriko osasun sozialaren adierazlea da.

Ukaezina da hiriaren diseinu egokiak haurren sentsibilitatea, imajinazioa eta autonomia pitz ditzakeela. Horregatik, “Haurren hiria”-ren ikuspegitik, espazio publikoak ez dira pasabide hutsak; esploratzeko, jolasteko eta sozializatzeko agertokiak dira -topaguneak, jolasguneak eta ingurunea deskubritzeko lekuak-. Testuinguru horretan, funtsezkoa da eskolarako bide atseginak bermatzea. Beraz, bide horiek seguruak, irisgarriak eta bizigarriak izan behar dute, gaztetxoek bidean geldialdiak egin, ingurua behatu eta besteekin topo egiteko aukera izan dezaten. Tonucciren ustez, haurrek eskolara bakarrik joaterik ez badute, hiriak berak huts egiten duela pentsatzeko arrazoiak daude.

Esanak esan, txikienentzat pentsatutako hiria ez da fantasiazko hiria, hiritar guztiontzat atseginagoa dena baizik. Bistakoa da biztanle guztion mesederako direla oinezkoa lehenesten duten kaleak, trafikoaren abiadura murriztua bermatzen duten errepideak, espazio berdeak eta atseden hartzeko guneak. Gainera, aipatu beharra dago, haurrek hirian dituzten eskubideak errespetatzen badira, elkarguneak sortu eta komunitatea indartzen dela.

Metro bateko altueratik begiratuta, hiria bestelakoa da: xehetasunek garrantzia hartzen dute, eta espazioek bestelako esanahia bereganatzen dute. Azken horren harira, funtsezkoa da hirigintzaren diziplinak ikuspegi xalo horri erantzutea, espazio kolektibo, osasuntsu, barneratzaile eta biziak eraiki nahi baditugu, behintzat. Haurren beharrei erreparatzen dien hiria guztiontzat hobea den hiria da, zalantzarik gabe; hau da, bizitzeko, elkartzeko eta esperientzia berriak partekatzeko gonbita egiten duen espazioa. Hala, hiritar guztiontzat bizigarriagoa den hiria eraikitzeko gakoa da metro bateko begiradatik pentsatzea.