Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Harritzeko gaitasuna

Eguzki-galdatan, hondartzarik gabeko herriko plazan, gazte kuadrillak urezko globo gerra inprobisatu du iturriaren jiran. Itzalaren bila zebilen laurogeitaka urteko emakumea banku batean eseri da, irribarrea zabal, jolasean dabiltzan gazteei begira. Harrituta eta irribarrez, gorputz gazte horien arintasunaren miran agian, baina pozik.

Harritzeko gaitasuna zoragarria iruditzen zait. Haurretan bistaratzen da lotsagabe, mundua lehenengoz deskubritzen ari diren begien argi berezi horretan. Adinarekin, gorputza gastatzen joaten da: muskulu-masa eta indarra galtzen ditu; hezurrak ahuldu egiten dira; larruazalean elastikotasuna galtzen da; malgutasuna gutxiagotu egiten da; bista makaldu egiten da... dena da galera. Eta harritzeko gaitasuna ere gastatu egiten da.

Hamaika ikusteko jaioak omen gara eta behin hamaika ikusita, hamabigarrenak ez gaitu harritzen. Dena ikusia duten begi horien nekea tristea iruditzen zait. Adituek garbi daukate: harridura galtzea potentzialtasuna galtzea da, psikea pobretu egiten da eta jakin-minaren eta sormenaren ortzi-muga laburtu egiten da.

Harritzeko gaitasunaren galera ez da gertaera fisiologiko bat. Ez gara sortzen harritzeko ‘zelula’ jakinekin, denborarekin gastatzen joaten direnekin. Harritzeko ‘zelulak’ behin eta berriz berritu daitezke -hau ere adituek diote- eta horretan asko laguntzen dute munduari begiratzeko eta bizitza bizitzeko moduek. Benetako harridura ez dago munduaren ezohikotasunaren baitan, gure begiradak egunerokoan harritzeko motiboak topatzeko daukan zorroztasunaren baitan baizik.

Batzuetan, zahartzaroan, burua makaltzen joaten den neurrian bizkortzen da harritzeko gaitasuna. Burua galtzeak dakarren tristura horretan, poz poxi bat.

Goizero harriduraz begiratzen diot pareko bizilagunari. Mimoz, banaka-banaka, gauean etxe barruan lo egin duten landareak balkoira ateratzen ditu. Harrigarria da, landareak plastikozkoak direlako. Egunero ikusten dut eta egunero harritzen naiz, modu kontzientean. Nire buruari etxeko-lana jarri diot: zergatik egiten duen asmatzen saiatzea. Arrazoi desberdin bat topatzea egunero. Badakit tontakeria bat dela, baina sinetsita nago harritzeko gaitasunaren giharra indartu egin behar dela.

Gure begiak «gauza harrigarriak» ikustera ohitzen ari dira pantailez bestaldeko bonbardaketa etengabe horretan. Martxa honetan, ahaztu egingo zaigu amona mantangorri bati begira emozionatzea zer den. Nik, aukeran, poltsikoak harritzeko gaitasunez beteta zahartu nahiko nuke.