Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Barre egin

Ekainaz geroztik tripako minez nago. Tripako hezurreko minez, anaia txikiak umetan esaten zuen bezala. Euskarak jasaten dituen erasoekin kokoteraino, umiliazioekin minduta, zapaltzailearen biktimismoarekin amorratuta. Euskararen kontrako ostikada bakoitza sabelean eman izan balidate bezala izan da.

Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalari madrildarrak gogoeta oso argigarriak egiten ditu Espainolen nagusikeria linguistikoaren inguruan. «Nik nazionalismotzat ulertzen dut bere nazioaren hizkuntzak nagusitasunezko posizioa izatea defendatzen duena, berez hobea dela uste duelako, eta, beraz, nagusitasun-posizio hori merezi duelako. ‘Espainierari esker, denok elkar uler dezakegu’, diote. ‘Zuk badakizu nire hizkuntza, beraz, ahaztu zure hizkuntza’». Injustizia linguistikoaz garbi mintzatzen da madrildarra.

Eta injustizia horren dosiak maiztasun mingarriz izan ditugu azken asteotan, ziztada bat beste baten segidan, tripako mina egiteraino. Ez dute euskararekin bakarrik egiten. Pau Cubarsi futbol jokalari katalana da, Espainiako selekzioarekin aritu da eta futbolari miretsia omen. Berak natural azaldu duenez katalana da bere hizkuntza eta gehixeago kostatzen zaio espainolez aritzea. Eta hori mingarria iruditu zaie hainbat espainoli. Ze txarra den zapaltzailea izatea, ze toki itsusia. Zurea defendatzeak ez du zertan bestearena zapaltzea esan nahi. Eta zapaltzaile linguistikoei erraietatik sortzen zaie beste hizkuntzen kontrako ostikoa.

Eta hor nengoen haserrean gotortuta, amorruan harrapatuta, Algortako txosnak iritsi diren arte. Barran paratu dute kartoia, parodiazkoa, espainolez zerbitzatua izan nahi duenarentzat. ETBko Wazemank umore saio bikaineko esketx batekin gogoratu naiz bide batez eta barre pixka bat gehiago egin dut, barre sendagarria. Eta gogoratu naiz umorea zein tresna indartsua den.

Umorea protesta modu bat da, sufrimenduan harrapatuta dagoenak botatzen duen irrintzia, inguratzen duten injustizietan trangatuta ez geratzeko oihua. Niretzat umore ona da sendatzen laguntzen duena, amorruari errepide bat paratzen diona eta etsita geratu beharrean, mina egiten dion horri aurre egiten diona. Barrez, baina parean.

Egia da ez genukeela barrean gozo geratu behar, mina egiten digun horri begiratu beharko diogu. Baina tarteka arnasa sakon hartu eta barre egin. Horrekin ere aztoratu ohi da zapaltzailea.