Garazi Albizua
IRITZIA

Nola begiratu isla horri

Pribilegioen indarkeriaren kontra egin nahi duzu. Hasi zara zenbait kontu egiten. Izan ere, pribilegiatua zara eta badakizu. Egunerokoa aztertu ostean, konturatu zara badirela zenbait gauza aldatu ahal dituzunak. Batez ere, kontsumoarekin zerikusia dutenak. Momentu batean, egindako hautu horiek guztiek errutina osatu dizute eta aurrera egiten duzu arazo handirik gabe.

Gurasoekin alderatu zara egiaztatzeko bide onean zaudela. Ez gurasoak maite ez dituzulako, baizik eta ispiluan begiratzean, haiek ez diren isla topatu nahi duzulako. Beraz, etxean sortutako familia egitura alderatzen duzu ume zinenean zenuen horrekin. Eta, hara, badira pozik hartzeko zenbait aldaketa: ez duzue sinesten lanaren banaketa sexualean, eta familia bezala ondo datorkizuen distribuzioa zehaztu duzue.

Alderaketarekin jarraitzen duzu: haurren heziketa dela-eta bada arrakala handia. Pentsa, afalostean, lo egin aurretik, familian jolasten zarete mahai joko batean, pantailarik gabe, presarik gabe, elkarrekin uneaz gozatuz. Aitortu: bereziki harro zaude horrekin. Gola sartu diozu sistemari, edo horrelako txorakeriaren bat esaten diozu zeure buruari. Zeren ez ahaztu hasierako premisa: pribilegioen kontra egin nahi duzu, eta ez dakizu ondo zelan, baina mahai jokoarena borroka horretan ahokatu nahi duzu.

Familia alde batera utzita, lagunekin konparatzen hasi zara pribilegioen kontrako matxinada horretan. Eta berriro, nolabait, pozik zara. Izan ere, aspaldi erabaki zenuen abioirik ez hartzea, turismoaren kontra egiteko edo, eta lanean murrizketa bat eskatzea. Murrizketak eta 0 kilometroko turismoak eragin zuzena dute pribilegioen kontuetan, ez dakizu ondo zehatz-mehatz zertan, baina, tira, ez duzu hainbeste kutsatzen, eta gainera ez duzu hainbeste dirurik bankuan; beraz, kontsumorako ere aukera txikia. Pozik aldera sumatzen duzu sena. Zergatik ez. Ordea, hasierako ideia bueltaka dabil oraindik buruan, zerbait natural-natural egiten duzunean borroka izateari uzten diola pentsatzen hasi baitzara. Aurrekoan, akaso irakurri zenuen artikulu bat, haserrearazi zintuena; izan ere, ematen zuen pertsona pribilegiatu nazkante bat zinela, indarkeria matxistaren eragile edo lekuko izan direnen talde berean sartuta. Eta, akaso, orduan, haserrea pasatu ostean, hartu zenuen beharrezkoa den ispilua, eta eutsi zenion begirada zure aurpegiari, eta pentsatu zenuen baietz, gizarte pribilegiatu eta sexista eraisteko inorekin konparatu baino, bakoitzaren islari so egin behar diogula.