2015/01/13

MIREN AMURIZA
Amira, Marwan, Faris, Ayman, Mira, Fadwa, Hilal...

Haurtxo horietako asko hil egiten dira. Ez, munduan ez dira aitita-amamak bakarrik hiltzen, umeak ere hiltzen dira. Ez duzuela ezer konprenitzen? Lasai, neuk ere ez. Zuek segi kantatzen

Aurten ere hemen zatozte, umetxuok, Olentzero eta Mari Domingiren gurdiaren atzetik kantuan: zapi eta txapeltxoak belarrigainetan, amamak erregalatutako kaikua soinean eta abarketatxoak ondo lotuta belaunpean. Kaleargiekin batera ari zaizkizue pizten begiak eta gorritzen sudurtxoak eta atzamartxoak, hotzituta. Hemen zatozte koloretako panderotxoekin kantuan.

«Haur eder baten bila gabiltza zoratzen ta izarrak esan digu galdetzeko hemen. Jaungoikoaren herri maite Jerusalem, esan zaiguzu laster Jesus non jaio den…». Badakizue, txikitxuok, Jerusalem non dagoen? Bada, Palestina izeneko herrialde urrunean, ekialdean, eguzkia goizero esnatzen den lekuan. Jerusalemen hiru jainko daude: Jesus kristauena, Yahveh judu israeldarrena eta Ala palestinar musulmanena. Aladdin bezala baina Ala bakarrik, bai.

Israeldarrek ez daukate bakerik, ordea, palestinarrak bertatik kanporatu artean; etxeak botatzen dizkiete eta hiria zeharkatzen duen suge-horma handi bat eraiki dute beraiengandik apartatzeko. Ez didazue ulertzen, ezta? Imajinatu hiru mutiko eskolako patioan: Yahvek ostikoka bota nahi du Ala jolas-lekutik eta bien bitartean Jesus albotik begira isil-isilik. Nik, umetxuok, zeruan ilargia, izarrak eta kometak daudela sinesten dut, ez besterik. Tira, igual hobe kantuan segitzen baduzue…

«Trakatan-trakatan hiru errege, trakatan-trakatan Belenera. Belenen jaio dan Jesus haurtxoa, trakatan-trakatan agurtzera. Meltxorrek trakatan zaldia beltza, Gasparrek trakatan zaldi gorri…». Belen ere Palestinan dago eta trakatan-trakatan barik, traka-traka traka-traka ibiltzen dira tankeak bertan. Eta zaldiak, ez pentsa gero hango zaldiak hemengoak lakoak direnik! Txakil-txakilak dira, apenas baitaukate pentsurik eta urik. Eta badakizue, umeok, non jaiotzen diren Palestinako haurtxo asko? Ez, Belengo estalpetxoan ez. Checkpoint-etan jaiotzen dira. Barkatu, ez dakizue ingelesez oraindik… Checkpoint-ak dira lehen aipatu dizuedan horma erraldoiaren zeharkabideak; autopistako peajea bezala, baina armadun militar israeldarren zaintzapean daudenak. Militarrok ez diete emakumeei peajetik pasatzen uzten ospitalera iristeko eta amatxoak hantxe erditzen dira zoru hotzaren gainean, bakar-bakarrik; ez mediku ez emagin. Eta badakizue zer? Haurtxo horietako asko hil egiten direla. Ez, munduan ez dira aitita-amamak bakarrik hiltzen, umeak ere hiltzen dira. Ez duzuela ezer konprenitzen? Lasai, neuk ere ez. Zuek segi kantatzen.

«Palestinarren herri maite Jerusalem, esan zaiguzu laster Amira, Wael, Rani, Marwan, Faris, Ayman, Mira, Tahrir, Fadwa, Hilal, Ismail, Jaled, Ziyad, Lale, Mohamed, Sahira… Non jaio den!».