2015/01/11

MADDALEN IRIARTE
Ogia eta futbola

Ogitartekoa eta futbola ez dira osagarri hoberenak interpretazio politikoetarako. Erromatarren «ogia eta zirkua» etorri zitzaizkidan burura. San Mames bera, hogei gizaldi beranduago, ez zitzaidan Erromako Koliseotik oso ezberdina iruditu

Urteak badu bigarren igandea ere, eta oraintxe konturatu naiz desio onen kutxa ez dudala zabaldu ere egin. Ez dizuedala opa izan oraindik, ez urte berri onik ez eta garai hauetan ia ezinbestekoak diren halako desiorik. Nik neure buruari ere ez diot jarri “egin beharrekoen” zerrenda luzeegirik ere, alferrik izaten da eta. Saiatuko gara ahalik eta egokien aritzen, gimnasioan gehiegi ikusiko ez bagaituzte ere. Kalea bera merkeagoa da, eta gauza asko ikusten dira zapatilak jarri eta korrika eginez. Gauza asko bururatzen zaizkit ariketa fisiko apur bat egiteko korrika noanean. Nonbait, burua despistatu nahi izaten dut, pentsatu ez dezan nekatuta dagoela eta gertuan bizi izan ditudan gauzei bueltaka, edo egin behar ditudan edo egin nahi nituzkeen elkarrizketak pentsatzen joaten naiz sarri.

Urte hasiera honetan, Inuzente egunean San Mamesen euskal selekzioak eta Kataluniakoak jokatutako partidaren ingurukoak darabiltzat buruan.

Esan dezadan lehenik San Mamesen sartu nintzen lehen aldia zela, zaharrean ere ez bainintzen sekula izan eta, lagun onei esker, zelai berria biltzen duen eraikina ezagutu ahal izan nuela barrutik, eta zelaira jaitsi oraindik harmailak hutsik zeudela. Isiltasun epel batek harrapatu ninduen gaua hotza izan arren. Gerturatzeko gai izan nintzen, ekipo bati oso atxikita daudenek, euren futbol taldea astero goresten dutenek, han sartuta sentitzen dutenera; askotan kontatu izan didaten sentimendu ia mistiko horretara, nik hain era hotzean bizi dudan horretara. Zelai berdetik, gela gorri eta zurietan barrena, harmailetara joan nintzen, bertigoa eutsiko banuen azkar esertzera.

Harmailetako giroa ezin hobea! Hizkuntza bakarra nire inguruan, gutxitan bezala, euskara. Errespetua erabatekoa, ereserkiei, bi taldeei, beste taldeko zaleei. Aitzakiarik gabeko urte amaierako ekitaldia.

Eta batere balio ez duten baina ekidinezinak diren interpretazioak ere bai. Hasieran lehenengo gola sartu eta berehala: ia horrek esan nahiko zuen Euskal Herria ere gai izango zela Kataluniaren pare jartzen eta irabazten herri gisara egiten ari diren bidean. Berdinketarekin, ilusioa zapuzten utzi ez eta ea gutxienez bidea elkarrekin, berdinduta, egiteko aukerarik ba ote zegoen. Ogitartekoa eta futbola ez dira osagarri hoberenak interpretazio politikoetarako. Erromatarren “ogia eta zirkua” etorri zitzaizkidan burura. San Mames bera, hogei gizaldi beranduago, ez zitzaidan Erromako Koliseotik oso ezberdina iruditu. Dezimo Junio Juvenal poeta satirikoak asmatu omen zuen ogia eta zirkuarena, herriak zegozkion ardurak, hau da, Gobernuaren, justiziaren eta indar armatuen kontrola ahaztu eta gladiatoreen borrokak eta festa lehenetsi zituenean.

Zorionez, inguruan ikusitakoak, erdi bromatan egindako interpretazioez harago, bazuen herri izateaz gain herri izaera ezagutzea eta onartzea nahi duen jendarte arduratsuaren pisua; hizkuntza bat hautatu duen herriarena, seme-alabei lekuko hori pasa nahi dien herriarena, ogitarteko eta futboletik askoz urrutiago. Igarriko da.