MIREN ARTETXE
LIBURUEN TXOKOA

Pistolak eta epistolak

Liburuaren hastapenean «ez zaitez botereaz fida» aholkatzen die Altzako idazle handi honek gazteei. Izan ere, gazteentzako nobela politiko bat idatzi du, belaunaldi berrien haserrea pizteko, Irigoieni horrela sortu baitzitzaion, «barruko malaostiak» bultzatuta. Urunia deritzon hiriburu fiktizio batean kokatu du trama nagusia, baina Iruñea eta Nafarroa izan daitezke kontakizunaren agertoki errealak, zantzuen arabera. Alde batetik, alkate megalomano bezain autoritario bat agertzen da, don Pedro Aizcorreta Sanz, udaltzainburu eskumakila alboan duela; bestetik, kalean pintatzen duen gazte bohemio bat, bere txakurrarekin bizi dena eta adineko alargun bat lagun duena. Liburu honen agerpenarekin batera, Ttarttalo argitaletxeak “Ur arreak, ur garbiak” lana gazteleraz kaleratu berri du “Aguas limpias, aguas turbias” izenburupean. 2011n argitaratu zuen lanean, urpean geratzen den herri baten bizipenak mamitzen ditu Irigoienek.

Txoriak kolpeka

• Bernardo Atxaga • Pamiela, 2014 • 128 orrialde. 12 euro • Bi narrazio labur eta saiakera bat dakartza oraingoan Atxagak. Lehenengo ipuinarekin, “Andoniren heriotza LSDaren argitan” izenekoa, bereziki pozik dago egilea bere literaturan bide berri bat urratu duelakoan baitago; bigarrena, “Pierrek dioena entzuten dut” alegia, «ipuin goibelena» omen da bere hitzetan. Erleari eta erlauntzari buruzko narrazioa da. Liburua osatzen duen saiakera betidanik interesa sortu dion pertsonaia bati buruzkoa da: Lawrence Arabiakoa, alegia. Bertan, pertsonaia historiko honek halako fama eta arrakasta nolatan lortu zuen aztertzen da. Hau da Atxagaren hipotesia: Lehen Mundu Gerrako «Mendebaleko frontetik» etorri zen figura honen indarra. Zehatzago esanda, Sommeko eta Verduneko tragediek bultzatu zuten militar haren irudia.

50

• Patxi Zubizarreta • Txalaparta, 2014 • 19,90 euro • Imajinek eta musikak bat egiten dute ordiziarraren azken lanean. Eleberriak 50 urte bete berri dituen Joseba pianistaren nondik norakoak jasotzen ditu. Hauxe du abiapuntu: «Nikolas idazle patetikoak eta Rafael pintore apatikoak bainuetxe batean eskainiko duten errezitaldi baterako gonbita egin diote (Josebari), ezusteko oparia izango delakoan…». Liburua Mintxo Cemillanen ilustrazioekin apainduta dator, eta Joserra Senperenak egindako CDa ere badakar –“Baso bat opari” du izenburu pertsonaiek eskaintzen duten errezitalak bezala–. Maddi Oihenart, Antton Valverde eta Rafa Berrioren ahotsak entzun daitezke. Oihane Igerabidek harpa doinuak jarri ditu.

Eutsiko diogu?

• Fermin Etxegoien • Erein, 2014 • 280 orrialde. 18 euro • Sorkuntzaren hamabi euskal profesional autonomori galdera bakarreko elkarrizketa egin die Etxegoienek, berriz kazetaritza erregistrora bueltatuta. Krisian oinarritutako liburu korala da, eta banan-banan egindako elkarrizketak ditu oinarri. “We shall overcome” kantu ezagunaren euskarazko moldapena prestatu zuen oñatiarrak, Gari abeslariak kantatzeko, eta horren gainean planteatu du liburuak egindako “Eutsiko diogu?” galdera. Bertan, galdera hedatu egiten da eremu zabalagoak hartuz: hizkuntzak, herriak, gizateriak… eutsiko dio? Izan ere, Etxegoienen aburuz elkar lotuta dauden eta elkarri eragiten dioten krisiak dira horiek.

Iazko hezurrak •

Unai Elorriaga • Susa, 2014 • 384 orrialde. 23 euro • Irene Arrias, Algortan jaioa 1971eko urtarrilean, kezkaz eta obsesioz bizi da: erasoa, tortura, hilketa, bortxa, atentatua, jazarpena, sarraskia, exekuzioa, krimena, gerra... hurbil sentitzen ditu bere inguruan. Joera du indarkeriari erreparatzeko, eta arakatu ere egiten du liburuetan, egunkarietan, Interneten, baladetan, sehaska kantetan. Irene Arrias da Unai Elorriagaren liburuaren hari nagusia, eta ikuspegi horri helduta egiten du analisia idazleak, etxetik hasita nazioartera iritsirik, fokua zabalduta. Horretarako narratiba, saiakera eta baita kronika ere nahastu ditu.