MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Martxoak 8

Andreen aurkako biolentzia egunero errepikatzen dugu etxean, telebistan barra-barra, eskolan, hizkuntzan, eguneroko bizitzaren arlo guztietan, erabat oharkabean, era guztiz demokratiko batean, era onartuan

Zenbat emakume hil dituzte aurten euren bikotekideek, zenbat izan dira erasoak urtea hasi zenetik? Non dago zerrenda hori, klik batean datu horiek jakin ahal izateko? Gaurko egunaren inguruan, Martxoaren 8aren ingurumarian errazagoa izaten da jakitea, adibidez, azkeneko hamarkadan estatu espainolean 700 emakume inguru hil dela bikotekideak, bikotekide ohiak, edo ingurura etorritako batek, besterik gabe, kolpe bat eman eta hil duelako, baina data urrutiratzen doan heinean berriz ere lausotzen eta galtzen doan zerbait da zifra hori. Ranking horretatik kanpora daude, gainera, jazarriak izan direnak, ukituak, sobatuak besterik gabe herriko festetan, bortxatuak izan direnak, kolpatu dituztenak... Eta egia da gero eta gehiago jakiten dugula haien erasotzaileen berri, eta gero eta sarriago izaten dugula erasotzaile horien atxiloketen berri baina… eta gero zer? Zer gertatzen da emakume bat jo eta egun gutxira, jo duen gizon horrekin? Zenbat kasu ezagutzen ditugu inolako ondoriorik gabe amaitzen direnak?

Zer gertatuko litzateke asteburu oro kolpatuak emakumeak izan beharrean, adibidez arotzak balira? Norbaitek pentsatuko luke badagoela arotzen aurkako kontubernio bortitz bat, ekonomiari oso larri eragingo diona eta aztertu beharrekoa. Edo halako zerbait. Eta bankariak balira? Zergatik ez gaitu asaldatzen azken urteotan biolentzia matxistaren eraginez hildako emakume kopuruak, erasotako emakume kopuruak, eta asaldatzen gaituzte beste biolentzia mota batzuek eragiten dituzten heriotzek?

Eta, gainera, hau guztia zer? Izebergaren muturra baino ez da ez badugu egoera hau iraultzen. Arazo estrukturala da esku artean duguna, batetik estatuaren bidez errepikatzen eta barreiatzen delako, erakunde, medio, eta gizarte honen estruktura ezberdinetan, eta hauetan ez dagoelako emakumeen aurkako biolentzia salatzeaz gain ezer askorik egiten duenik.

Eta hau ez dut esaten inoren kontra, guztion kontra baizik edo, esan dezadan beste era batera, guztion alde, guztiok egoera hau apurtu, suntsitu eta biolentzia horren kontra egin dezagun baizik. Andreen aurkako biolentzia egunero errepikatzen dugu etxean, telebistan barra-barra, eskolan, hizkuntzan, eguneroko bizitzaren arlo guztietan, erabat oharkabean, era guztiz demokratiko batean, era onartuan.

Gizon eta emakumeen arteko desberdintasuna egunero, une oro gertatzen da. Emakumeak sistematikoki gaude diskriminatuta edozein tokitatik begiratuta, edozein ertz heltzen dugula, eta kasu askotan diskriminatuak garenak ere ez gara ohartzen, are gutxiago, beraz, eroso eta lehian garaile den diskriminatzailea, edo lehiarik sentitu edo nozitu egiten ez duena, nahita egiten ez badu ere.

Emakumeak ez gaude botere guneetan, ez gaude botere politiko guneetan eta ezinbestekoa da, egoera hau aldatzen hasteko, botere politikora heltzea eta hura partekatzea, askatasunaz ari garenean guztion askatasunaz ari garela mundu guztiak jakin dezan. Esku artean duguna guztion askatasuna da. Ez beste alde batera begiratu, gainerako diskurtso guztiek porrot egiten baitute bestela.