Amaia Ereñaga
DENBORARI EGINDAKO ERRETRATUAK

DENBORARI EGINDAKO ERRETRATUAK

Enbor azaletan mendez mende zizelkaturiko zimurretan gure Lurraren historia irakur daiteke. Halere, naturak utzi dizkigun landare monumentu hauek ahulak dira oso, bat-batean desagertu litezke ekaitz baten edo gizakiaren eraginez. Ehun urtetik gorako arbola hauek babesteko grinak bultzaturik, Beth Moon argazkilari estatubatuarra bost kontinenteetan ibili da azken hamalau urteotan, eta bidaia horietan aurkitu dituen mende beteko zuhaitzen erretratuak jaso ditu liburu eder batean.

Hamalau urteko lan ikaragarri honen «erruduna» Bowthorpe haritza da, Ingalaterrako Lincolnshire herriko baserri batean dagoena. Mila urte baino gehiago dituen zuhaitz ospetsu honi –Ingalaterrako zaharrena da– argazkiak ateratzen ari zela, ekaitz bortitz baten ondorioz zuhaitzaren adaburuak jasandako kalteei erreparatu zien Beth Moonek. Hain irmoak, ia aldagaitzak, diruditen arren, zuhaitz zahar hauen ahuldadez ohartu zen. Eta ahulak dira klimaren laztasunaren menpe daudelako, baina horrez gain, gizakiaren utzikeria eta diru gose soilagatik ere eror litezkeelako. Ordutik, argazkilari estatubatuarra munduko zuhaitz zaharrenei argazkiak egiten hasi zen haiek babestu nahian.

Bilaketa horretan, AEBetan, Europan, Asian, Ekialde Ertainean eta Afrikan ibili da Beth Moon, ehun urtetik gorako zuhaitz handienak, bitxienak eta zaharrenak irudietan jaso ahal izateko. Batzuk zeharo bakartuta daude urruneko mendi hegaletan, lursail pribatuetan edo natura-erreserbetan; beste batzuk zibilizazioaren erdian daude, zutik eta harro, baina, era berean, oso egoera prekarioan. Eta guztiek lotzen gaituzte oso modu berezian denboraren zentzuarekin eta naturaren handitasunarekin.

San Frantziskon bizi den argazkilari honek 60 irudi aukeratu ditu azkenean liburua osatzeko. Platinotipia erabili du argazkiak sortzeko, irudiei indarra eta edertasun propioa emanez. Digitalizazioa jaun eta jabe den garai hauetan ia galtzear den teknika dela esan badaiteke ere, platinoan inprimatzeko teknika zahar eta guztiz artistikoa aukeratu du. Teknika honen lehen patentea 1873an onartu zioten William Willis-i, eta oinarrian zera dago, kopia egin nahi den paperean pintzel batekin eskuz zabaltzea platino eta oxalato soluzio bat, hau da, sentikortzailea. Sentikortutako paper horri negatiboa jartzen zaio gainean, ukitzen, eta izpi ultramoreen argitan, platino-gatzen erredukzioarekin argazki positiboa lortzen da. Horretarako beharrezkoa den argia argazkilaritza tradizionalerako beharrezkoa dena baino milioi bat aldiz indartsuagoa da. Eta hala, luzaroan iraungo duten argazkiak lortzen dira; are gehiago, milaka urte iraun dezakete, platinoa oso egonkorra baita, argazkia hondatu dezaketen erreakzio kimikoak saihesten dituelako.

«Zuhaitz bat bereziki aukeratzeko erabiltzen ditudan irizpideak hiru dira: bere adina, bere tamaina eta zenbateraino den interesgarria bere istorioa. Informazioa biltzen dut, historia edo botanikako liburuak irakurriz, zuhaitzaren erregistroak bilatuz, prentsan argitaratu diren albisteak jasoz edo lagunek edo bidaiariek bidaltzen didaten informazio zuzenaren bidez. Planetako monumentu bizidun handien eta zaharrenen aurrean nagoelarik, zuhaitz sinboliko hauek berebiziko garrantzia izango dutela barneratu izan dut. Gure ikuspegia aldatuz doan heinean, hau da, naturarekiko lotura estuagoak garatuz goazen neurrian, naturak eman digun gauza harrigarri hauek mendeetan bizirik iraun dutela ospatu ahal izango dugu. Denboraren zentzu zabalagoa izanik eta naturarekiko lotura estuagoak egiten baditugu, zuhaitzak geureak egingo ditugu. Eta bizitza ospatzeko ikusten dudan modurik onena zuhaitz ikusgarri hauei erretratua egitea da, horietako batzuk desagertzear daudela jakinik, gainera», dio Beth Moonek.

Argazkilari honek oso berezkoa duen estiloa garatu du, bai alde estetikoan bai edukietan. Bere lanen artean naturarekin lotutako irudi asko aurkituko ditugu. Horietako bat, esate baterako, “Savage Garden” da. Landareen mundua du ardatz lan honek, baina bere begirada ez da estetikoa edo poetikoa bakarrik, landareen bilakaera ahalbidetzen duten baliabideen edertasunak ere berebiziko garrantzia baitu. Zuhaitzen irudiak biltzen dituen liburu ederraren izena, bestalde, “Portraits of time” da (2014, Abbe-Ville Press) eta ingelesez eskuratu daiteke soilik. New Yorkeko Lorategi Botanikoko Landare Bizien Bilduma eta Baratzezaintza saileko presidenteordeak, Todd Forrest-ek, zuhaitzen kontserbaziori buruzko datu biologiko batzuk eskaintzen ditu liburuari egin dion sarreran.

Eta gurean? Hemen ere baditugu horrelako zuhaitz zahar eta ederrak. Handiena Nafarroan dago, Basaburuko Jauntsarats herriko haritzondo ikusgarrian. Haritz (Quercus robur) honen enborrak 11 bat metroko zirkunferentzia du. Nafarroan bertan beste haritz eder batzuk ere aurkitu ditugu (Urdazubin, 6,60 metrokoa), baina handiago da Arabako Galarreta herriko Urkillako basoetan dagoena (Quercus petraea), 8,40 metrokoa. Gasteizko sekuoia erraldoia ere ez da makala: 8,05 metroko zirkunferentzia du.

 

Argazkiak "Ancien Trees:

Portraits of Time" liburuan

(Abbeville Press, 2014) argitaratuak