MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Estatu-arazoa

PPk bere ingurua ukitzen duen ustelkeria guztiaren ardura Barcenasen bizkar jarri zuen, eta badirudi ez dela ezer gertatu. Barcenas oporretara ere joana da! Ruz epaileak ordea, Barcenas bera eta beste 40 pertsona gutxienez auzipetu ditu ustelkeriagatik, Gurtel kasuan korrupzio zantzuak antzematen hasi eta sei urte pasatu direnean. Tartean Ana Mato, Osasun ministro izandakoa dago. Bere dimisioa ematea ederki kosta zitzaion, plater bat hautsi ez balu bezala. Agian ez zuen hautsiko, baina ustelkeria zantzuak ministro batengana hain gertu iristen direnean ezin da hainbeste denboran egon dimisioa eman gabe edo dagokionak bere kargutik kendu gabe. Ez da onargarria.

Soraya Saez de Santamariak, honek ere platerik hautsi ez balu bezala, auzitegien erabakiak errespetatuko zituztela esan zuen, auzipetzearen berri izandakoan. Ez genuke besterik behar, demokrazia teoriko batean gobernuak epaileen erabakiak ez errespetatzea! Baina badakigu, benetan, oso errespetu gutxi izaten diela gobernu honek gustatzen ez zaizkion erabakiei. Gobernu espainola erabat aditua da gustuko ez dituen erabakiak deuseztatzeko ingeniaritza juridikoan.

Estatuko Osasun Ministerioan bada arazoren bat PP gobernuan dagoenetik. Izan ere, kontu auzitegi espainolak Alfonso Alonso errudun egin du Gasteizko San Antonio kaleko lokalen alokairuaren gainprezioa onartzeagatik. 500.000 euroko fidantza jarri dio. Entzun behar izan dugu bere sakelatik ordainduko duela... Esango genuke oraingo honetan ere, ez genuen besterik behar! Dena den, ez dirudi oso larrituta dagoenik ministroa diru kopuru horrengatik eta ikusiko dugu kasu honengatik zenbat larritzen den. Eta dimisioa emateaz ezer ez! Berarekin batera eta ekintza bidegabe bera bizkarreratu diote Alonso Gasteizko alkate zeneko gobernu talde osoari, tartean Javier Maroto egungo alkateari eta orduan udaleko ogasunaz arduratzen zenari. Oinarrizko errentan (RGI gisara ezagunagoa egin zaigu euskaldunoi ere) ustelkeria behin eta berriz salatzen duena, pasaporteen mafia salatzen duena, hatz-marka digitalaren aldeko apustua egin duena. Eta dimisioa emateaz berak ere ezer ez!

Dudarik ez dugu herritarrok iruzurrari aurre egin behar zaiola, baina denon iruzurrari eta eredugarri izan behar dutenen eta behin eta berriz lezioak ematen ari direnenari, zeresanik ez! Erabat lotsagarria eta bidegabea bilakatzen da iruzurrari aurre egin behar zaiola behin eta berriz esatea egoera honetan.

Osasunako zuzendaritzako kide zenbait atxilotuak izan dira, beste batzuk kartzelatuak. Futbolaren iruzur eta gehiegikeriei begiratu zaie kasu horretan, erositako futbol partidak, eta desagertutako diruak azpimarratuz. Ezinbestekoa dirudi ordea, zuzendaritza horiek, atxilotu horiek, nork izendatuak, nork jarriak eta zergatik jarriak izan ziren gogoratzea. Osasuna futbol taldearen gainbehera kokatzea eta zerekin lotuta dagoen aztertzea. Futbol kontu batetik haragoko zerbait dela ikustatzen da berehala. Estatu-arrazoia estatu-arazo bihurtu zenekoa dirudi honek guztiak. Ustelkeriak arazo behar luke izan beti iruzurtu duen edonorentzat.