amagoia mujika
IRITZIA

@lagunak

Internetek eta teknologia berriek (nahiz eta dagoeneko ez diren hain berri) gure harremanetarako modua aldatu dute. Esaldi ponpoxoa da, askotan idatzi izan dena. Ez da nirea propioa.

Duela ez hainbeste barre egiten genuen gure lankide bat ordenagailu aurrean nola estutzen zen ikusita: «Besarkada estu bat, muxu bat... nola agurtzen da jendea era horretan apenas ezagutzen dituenekin?». Neronek batzuetan bitan pentsatzen ditut nire mezu elektronikoen bukaerak: «Muxu bat». Ez, ez, gertuegi. «Besarkada bat». Tira, emango al nioke besarkada bat aurrez aurrekoan? «Ondo izan eta hurren arte».

Sareak (sare sozialek batez ere) distantziak laburtzeko edo luzatzeko balio du. Balio du kalean urrunetik agurtzen dituzunak lagun egiteko, distantzia motzean. Eta balio du kalean gertu samar dituzunak urrutixeago jartzeko bertsio birtualean. Nahi eran. Balio du, era berean, zu desberdin bat agertzeko. Ezagutzen ditut Facebook-en askoz sinpatikoagoak direnak eta, alderantziz, lagun ditudan batzuek amorrarazi egiten naute Twitterren. Eta gero hor daude ezizenez jarduten diren asko eta asko. Ezizenek badute xarma, baina punta zorrotzekoak ere badira, batez ere zure izen-abizenez esango ez zenituzkeenak esateko baliatzen badituzu.

Ikerketa batzuen arabera, sare sozialetan ibiltzen direnek harreman gehiago eta hobeak dituzte; babes sozial eta emozional handiagoa jasotzen dute; politikoki inplikazio handiagoa izaten dute eta ikuspuntu desberdinen aurrean jarrera irekiagoa izan ohi dute.

Nik desabantailak eta arriskuak ere ikusten dizkiet, eta ez bat edo bi. Askoren esanetan, Internet oraindik ez bazen asmatu, asmatu egin beharko zen derrigorrez. Egia da iraultza handia ekarri duela eta geratzeko etorri dela. Beldur naiz, hala ere, aurretik demokrazia, bakea, elkarbizitza eta horrelako hitzak gastatu eta barrutik hustu genituen modura, ez ote ditugun gastatuko eta hustuko lagunak, muxuak, besarkadak eta horrelakoak orain sarea dela eta ez dela.

Alegia, ez gaitezen ahaztu muxuen beroa sentitu egin behar dela aurpegian eta besarkaden epela bizkarrean eta bularrean.

Eta eskerrak eman nahi dizkiot whatsappak gutxienez lehen bi egunetan erantzuten ez dizkidan lagunari. Lehen estresatu eta haserretu egiten nintzen, baina konturatu naiz mesede egiten didala, patxada eta pazientzia galtzeko bidean dauden espezieak direlako. Eta badakit non topatuko zaitudan; saretik kanpo eta kafe baten bueltan.