ETXEITAREN NEGUA IRLANDAN
Jose Manuel Etxeita lakorik ez dago Euskal Literaturan. 1841ean jaioa, Mundakan, etxe aurreko itsasoan arrantzale mutikotan, gaztetan ganbarako mutil, gizon eginda pilotu eta kapitain ibili zen gero. Filipinetan zenbait kargutan jardun ondoren, sorterrira itzuli zen. Han, «Josetxo» eta «Jaioterri maitia» eleberriak eta «Au, ori ta bestia» olerki bilduma idatzi zituen, besteak beste. 1915eko martxoaren 1ean hil zen. 1865ean Irlandan bizitako neguak bizitza aldatu zion.
Abiatu da azkenean ere “Numero cuatro” izeneko ontzia. 500 tona kotoi ei daroa sotoetan, Mexikoko Matamorosen ontziratuak. Ontziburu biak europarrak dira, gainerako hemezortzi gizonak filipinarrak, eta eguraldia, berriz, han ohikoa izaten dena, hau da, nahasia. Beladun ontzia, barca taxukoa, luzaz egon da Habanako portuaren abaroan itsaso bareagoaren zain. Azkenean gaur, 1864ko abenduak 9 dituelarik, izan dute itsaso zabalera egiteko aukera.
Ontziak, urte eta egun horretako “Diario de la Marina/Diario Oficial del Apostadero de la Habana” egunkarian irakurri ahal izan dugun legez, ozeanoaz beste aldean bilatzen zuen portua Liverpoolekoa zen, eta kapitain zihoanak Silonis zuen izena. Ez ziren inoiz hara iritsi. Ez bata eta ez bestea. Hondoratu-edo egin baitzen ontzia, Irlandan. Eta hil, itsasoan, Silonis. Horren guztiaren nondik norakoaren lekukotasuna “Numero cuatro” ontziko beste europarrak utzi zuen. Urtea zein izan zen aipatu gabe. Ontziaren izena zein zen aipatu gabe. Eta kapitainaren izena aipatu gabe. Hala bada, ez zegoen erraz datuok jakitea. Ez handik bizirik irten zen mundakar haren datuei esker, behinik behin.
“Diario de la Marinak” dioen Silonis –Silloniz, agian– horrekin doan beste europarrak laster beteko ditu 23 urte. 1841eko horrexetako abenduaren 14an hain segur. Kenketa zuzen eginda, 23 urte, bai. Gerora, Euskal Literaturaren orrialdeetan 1842an jaiotakotzat joko badute ere, Jose Manuel Etxeita Luzarraga, horixe baita “Numero cuatro” ontziko beste europarraren izena, egun horrexetan jaio zen, baina 1841ean. Goizaldeko laurak aldera. Mundakan.
“Numero cuatro” hartakoak izan zirenetik hogeita bi urte igarota, 1886an, eta itsasoak artean gehienak beren lekuetan, Jose Manuel Etxeitak “Los amorios de Juana y Manuel, y lo que es la madre á pesar de los pesares” argitaratu zuen. Gaztelaniaz, bai. Manilan, Tipo-Litografía de Chofre y Cª argitaletxean (2003an Urdaibai-Txatxi izenekoak berrargitaratua). Oroitzapen lausoen liburutzat jo dezakegun horretan delako ontziaren eta ontzikoen zorigaiztoaren lekukotasuna utzi zuen. Besteak beste, filipinarrak –«indioak», dio berak– hemezortzi zirela, «hamabost onak eta beste hirurak oso gaiztoak».
«Numero cuatro» zorigaiztoko ontzia. «Mexikok Frantziarekin gerran ziharduen eta, kotoia ontziratzeko lau hilabete eman genituen, Matamorosen. Ontzia zamaturik, Liverpoolerantz abiatu ginen eta, hara, Mexikoko uztaian zaparrada ederrak harrapatu gintuen; zabaldurik genituen belak eraman zizkigun, eta gainera, ontzia etzanda utzi zigun, bandetako bat urpean sartuta. Eguna argitzean haizea leundurik, ontzia arteztea erdietsi genuen, haizea txopaz harturik. Denborale harekin frogaturik lotu zen ontziak ez zuela nahiko oreka gaitasunik, ezta gobernagarritasunik ere (…) Kapitainak Habanara jotzea erabaki zuen».
Etxeitak izena ez dioskun ontziko kapitaina ez da, artean behintzat, Silonis. Beste bat baino. «Nahikoa gaixorik zebilen eta ez zuen ontzian segitu nahi izan», diosku, izenik aipatu gabe. Begirunez edo? Habanan itxaroten luzaz egon ostean, ontziaren ardura hartu zuen Siloniz ere ez bide zebilen beste hura baino askoz hobeto. Etxeitak hotz eta motz diosku bigarrena itsasoan hil zela. «Egun gutxiren buruan Irlandako lehorraldea begiztatu genuen eta hantxe baretu zen haizea. Egun horretan, pilotua [‘Diario de la Marina’-k kapitain kargua eman, eta Etxeitak zuzendu] hil egin zen eta 24 orduren buruan itsasoa eman genion hilobitzat».
Zorigaiztoko ontzikoek, Irlandako hegoaldeko ertza ikusirik, bazekiten Liverpool ez zegoena urrun. Aitzitik, Etxeitak zantzu txarrak igarri zituen. «Barometroak lar gora egin zuen, ohikoa ez zen oskarbia zegoen eta ez zebilen haizerik putzik ere; elementuak zenduaren gorpua hartzearren baretu zirela ematen zuen. Bada, barealdiaren ostean ekaitza itzuli zen. Barometroak behera egin zuen, ortzia hodeiz estali zen eta haizeak, sekulako indarra harturik, ez zekien nora jo».
Negua zen Irlandan, esan nahi baita deabruak ere dar-dar egiten duen aldean. Eguraldiak okerrera egin zuen. Gau latza zetorkion ontziari. Zeresanik ez ontzikoei. Etxeitari batik bat.
«Gau ekaiztsu hartan, ganbaran nagoela, han non sartu den marineletako bat, eta mahai azpian gorde bere burua, aldarrika, laguntza eskatuz. Kontua zein zen-eta, beste marinel bat zuela segika, eskuan aiztoa (…) Ganbarako atera jo nuelarik, beste hark hanka egin zuen. Biharamunean neurera deitu nuen. ‘Hi ez haiz txokolatezko zopak janez hilko’, esan nion». Eta izan ere halaxe izan zen. Maximo Corpus izeneko marinelari heriotza eman zion besteak, jazarriak, Martin de los Santosek. Hori ontziak haitzetan gilaz jo eta bertan zati bi eginda geratu ostean izan zen.
“Numero cuatro” hura zati bi eginda geratu zenean goizaldea zen. Ez zegoen lehorrera egiterik, hura han goian susmatu arren. Ez zen deus ikusten. Eta goregi zegoen. Bada, egunak argitu arte itxaro behar. Ametsetan. «Aldean nituenak –dio Etxeitak– galtzontziloak, kamiseta eta Joanak eskegi zidan zilarrezko irudia ziren». Argitu zuen, bada, egunak. Etorri zitzaizkien laguntzera. Eraman zituzten hango Muckross House izenekora. Eta etxe horretan, lehenengo gauean, filipinarrak filipinarrari heriotza eman zion. Kanpoan elur lehortuaren geruza metro betekoa omen zen.
Habanako portutik Cork konderriko presondegira. Izenak, datak eta aipatzen ari naizen beste gorabehera guztiak Tony O’Mahonyri esker jakin ditut. Jose Manuel Etxeitak bere “Amorios” liburuan idatzi zuen “Escenas de un naufragio” atalekoak egiazko datuekin alderatzeko gogoz ekin niolarik harekin topo egin bainuen. Artean Tony bazenik ere ez nekielarik. www.corkshipwrecks.net helbidera idatzi nuen, eta berak erantzun. Irlandar lagunak eman zizkidan datuak eta Etxeitaren liburukoak era harrigarrian zetozen bat. Eta halaxe, 2014ko abenduaren 30ean, Jose Manuel Etxeita hango portutik abiatu zela hortxe-hortxe 150 urte zirelarik, Habanan nintzen. Kasik federik gabe, ea ba “Numero cuatro” izenekorik inon topatzen nuen. Diodan legez, “Diario de la Marina” horrexetan dago.
«Numero cuatro», hara izena! Harrigarria bezain benetakoa. Hurrengo etapa, ahal nuelarik behintzat, Irlanda nuen. Jose Manuel Etxeitaren oroimen lausoak modu lausoan eman zizkigunak zehaztera edo. Hala nola, ontziko bi haien arteko heriotzaren epaia. Errudun ala errugabe? Errugabea! Epaiaren berria martxoaren 20an eman zuen argitara “Cork Examiner” izeneko agerkariak. 1865ekoan, jakina. 150 urte eta egun bi beranduago Irlandara abiatu naiz. Martxoaren 22an.
Gure oroimenaren ahulak, horrexek sortu ditu artxibategiak. Irlandako Nazio Artxibategian bertako erabiltzaile-txartela paratu didate. Horren ostean, polito lagundu didate bilatzen, bila zer nabilen zehatzegi ez dakidan arren. Edo bai. Hortxe ikusi baititut Irlandako kartzeletako urtez urteko presoen zerrendak biltzen dituzten liburuak. Topikoa? Batek daki. Nik dakidana da hortxe agertu zaidala Corkeko konderriko kartzelan –Etxeitak «Corkeko presondegi handiak» dio– 1865ean izan zituztenen izenak. Preso-zenbaki eta guzti. Adina, hezkuntzarik bai ala ez, larruazal kolorea, erlijio fedea, gorputzaren neurriak eta markak ere hantxe lerroz lerroz idatzita. Izenak ondo irakurtzen ez ditudala-eta, Tonyri eskatu nion jada berriro etxean horien transkripzioa. 1865ean idatzi zituenak idatzi zituen izenok okerretara, nik uste.
Lehena Martin de Leasantos (sic) da, 82 zenbakiduna, 39 urtekoa, hezkuntzarik gabea, larruz dark –iluna–, erromatar katolikoa, orrialde berean diren kasik 50 presoen artean bigarren handiena gorpuzkeraz; 5 oin eta 6¾ hazbete baititu. Adinaren ondoko laukitxoan “Manslaughter of Maximo Corpus”, hots, Maximo Corpusi nahigabeko heriotza eman izana leporatu diotela dio. Zerrendan hurrengo Alexandra Antonia (sic) delakoa dago, 30 urtekoa, itxuraz izena okerretara idatzi diotena, esan bezala. Lekukotzat hartuta dute kartzelan. Hurrengo datozen Alzoninara Nionery, 27 urtekoa, Juan Carraguese, 28koa, izena okerretara idatzi dioten Dominga Legia, 26koa, Antonius Ventura, 42koa, eta Lorenza Garcia, 26koa, berau ere izena okerretara idatzi bide diotena. Beraz, hiltzailea eta sei lekuko. Jose Manuel Etxeitak bere oroitzapen lausoen liburuan zortzi zirela idatzi zuen. Sei, zortzi, zer dio horrek? Ez kapitainaren izenik, ez ontziarenik, ez gertaeren urterik, ezer gutxi argitu zigun. Hori bai, hondoraketaren gau hura bere Joana Abaroa kuttunaren gomutetan eman zuela diosku. Beste guztia lauso 22 urteren buruan? Guzti-guztia ez.
«Numero cuatro» ontziko altxorra. Gogoan zuen hondoraketaren goizean gizonezko bat eta emakume bi agertu zirela ontzia zati bi eginda zetzan lekuaren goialdean. Laguntzeko prest agertu ziren eta, soka berehala luzatu zieten. Horrexeri esker ekin zioten lehorreratzeari eta ontzia hartara hobeto lotzeari. Gero, gizonezkoak –«goi esferetako jaun txit dotorea» zela dio Etxeitak– emakumeetako bat bidali zion, gora joan zedin. Behin goian, jaunak bere etxera gonbidatu zuen. Ordurako inguruetan bilduta jendetza polita omen zegoen. Bost mila, diosku Etxeitak berak. Sukaldariak ontziak zekarren zakurtxoa harturik, jaun txit dotorearen etxera joan ziren. Ondoren, marinelak ontzikoak, hango kotoi-fardoetatik, hango gai eta aparailu multzoetatik, zer berreskura zezaketen ibili ziren, etxerako joan-etorrietan. Jendetza hark lapurretan egin nahi zielarik. Tonyk ez du horretan zalantzarik.
«Egundoko altxorra zen jende harentzat», diost. Muckrossen garelarik, Etxeitaren “Amorios” liburua beti aldean, nik hari nire ingeles kaskarrean emanez mundakarrak gaztelaniaz idatziak. «Gainera, inguruotan filipinarrak beltzak baino gutxietsiagoak izaten ziren, beltzak ikusten ohituago zeuden», diost. Egia. Jada etxera itzulita, Tonyk Cork konderriko presondegiko zerrendetan ikusi duenaren berri eman dit. Horra emakumezko bi, Mary Keohana 46 urtekoa eta Judy Walsh 20koa, kartzela hartantxe, «kotoia ostu dutela eta», preso. “Numero cuatro” hartako kotoia, hain zuzen. Ontzia nork salbatu zuen, harexena zen kotoia. Edo aseguru etxearena. Bazuen jaberik, bai. Otsailaren 10ean ontzi hondakinak enkantean eman zituzten, hondakinok zeutzan lekuan bertan, Espainiako kontsulordea bertan zela. Enkantearen iragarkiari esker badakigu, ordea, ontzia Batavia delakoan matrikulatua zela. Alegia, egungo Jakartan. Iragarkia eman zuen “Cork Examiner” hartantxe irakurtzen da «ontzi-kroskoa kobrez astun jantzia» dela eta «zaintzaren premia» duela.
Nork ere hartu zituen haiek, badirudi «goi esferetako jaun dotoreak» eta haren etxekoek, Beemahis abizenez, beren partea eskatu zutela «lehenengo salbatzaileak» izan ziren aldetik. Auzitegian 3.000 liberatan baloratu zuten ontzitik berreskura zitekeena. «Egungo milioi erdi libera», diost Tonyk.
Hori baino lehenago, martxoaren 25 honexetako goizean, 2015ekoan, B&B delakora bila etorri zait Tony. Corkera. Beharbada egun honetan beronetan baina 150 urte lehenago Jose Manuel Etxeita hemen izan zen. Liverpoolera bidean, Queenstownerako –egungo Cobh den horrexetarako– trena hartzeko prest. «Horra ere joango gara», Tony, planoa eta plana, biak ere biak ondo hausnartuta etorri baita. Planoan lau gune markatu ditu eta, laurotara iristea da plana. Cobh lau zenbakiduna da.
Bera bere autoan gidari eta nire ezohiko aldean tarteka urduri, irlandar itxura hartu diot. Filmetatik, noski. Ez da gaeleraz mintzatzen, ostera. Zera, lehenik eta behin hondoraketa izan bide zen lekura joan gara: Muckross Head, beste Muckrruss Head bezala ere idatzia batzuetan, berdin dio horrek. «Begiratu ostera nolakoa den itsasertz hau, zein ote da ontziak jo zuen muturra?».
Joan eta etorri, etorri eta joan, ontziak jo zuena izan zitekeen bakarra antzeman dugula iritzi diogu. Haitz-zerrenda edo ilara luzetxoa, itsasgoretan urpean eta itsasbeheretan agerian geratzen dena. Mundaka aurrean, Izaro eta Antzora muturraren artean dagoen Otzarri harexen legezkoa. Otso-harriak horiek ere, bai. Etxeitaren maniobra ere irudikatu dugu.
«Liverpoolera sartzeko itsasertz hau baino zabalago nabigatu behar da, ekialdetik mendebaldera, bai, baina Etxeitak berak idatzi bezala, haizeak hegoaldetik jotzen zuen, eta halaxe sakatzen zion ontziari, iparralderantz eta iparralderantz», Tonyk. «Horko otso-harriok baino goragotxo nabigatuz, beheraldi batean jo egin zituen. Zorionez, ababorreko bandarantz egin zuen. Mastak ia-ia lehorra joko zuten. Horrexegatik ez zuten hain zaila izan goiza argitzean ontzitik atera eta ahal izan zena lehorreratzea», nik. Ontzian zekarten zakurtxoa ez ezik Etxeitak ontziak zituen liburuak ere atera zituzten. Horiek kasik gaua zela Muckross House hartara ekarri zizkioten. Marinel bik. Biak nahikoa edanda zetozen, antza. «Ontzian gainalde-artean gorderik dugun pattar-kupeltxotik edanda», idatzi zuen Etxeitak. Txiripaz ez omen zituen jendetzak harrapatu eta bertan hil. «Aiztoak hartu eta goazen», halaxe zioten etorri berriek. Bi haietako bat Corpus zen. Ez zuen hurrengo eguneko argia ikusi.
Muckross House Corkekoa. Muckross House bi badira gutxienez Irlandan. Guk bilatzen duguna ez da inondik ere bestea bezain ezaguna. “Numero cuatro”-k gilaz jo zuen haitz-zerrendaren ardatzean gora eginez gero, hortxe goian dago, Tonyk dioenez.
Etxaldea da gaur egun Muckross House. Etxeko gizonak traktorearekin dihardu han urrunean. Atean jo dugu. Etxekoandreak zabaldu digu. Beltzarana, gaztea, liraina, zertara gatozen argiturik barrura sartzea galdatu digu. Entzuna omen du zerbait. Berton izan ziren marinelez eta. Etxeko historiaren liburuak atera dizkigu. Gaur egun jabeak diren John eta Anny Marie O’Donovan, orain eskolan diren seme-alaba biren gurasoak, ez dira 1865eko jabeen ondorengo zuzenak. Hala ere, horra argazkian etxea orain dela, zenbat urte? Ehun? Gehiago. Eta planoak ere bai. Horien argazkiak egin ondoren, beheko solairura goaz. Eta bai. Guztiz bat dator lekua Etxeitak azaldutakoarekin. «Etxean ni jabeekin jarri ninduten bizi izaten, kontramaisuak zerbitzariekin jan eta beste gela batean lo egiten zuen, eta indioek, guztiak batera, etxe-sotoko gela handi batean, mahaia ere bertan atonduta».
Berau da hilketa burutu zeneko lekua. Hortxe dago Etxeitak aipatu zuen sukaldea. Tonyk diostan legez, «beheko solairuan paraturik, keak eta usainak goikoek ez aditzeko eran» antolatua da etxea. Berton topatu zuen Etxeitak Corpus hura behearen gainean odoletan lau hanketan arrastaka. «Minutu baten buruan hila zen», idatzi zuen. «Nork egin du behar hau?», galdetu zuen. «Neuk, jauna; nik horri heriotza eman ezean berak emango zidakeen neuri. Bitan sastatu dut».
1865eko martxoaren 20ko “Cork Examiner” hark Martin de Lesantos izenaz aipatu zuen hark berdin erantzun omen zion epaileari, «neuk, jauna», horixe pentsatzen noa O’Donovan senar-emazteei helbidea hartu eta eskerrak eman ondoren. Epaiketa hilaren 17an, ostirala. Itzultzaile Domingo Sipio (sic) filipindar kartzelatua erabili zutelarik. Epaia, ostera, herri-epamahaiak eman zuen. Martin harenak aditu ostean, epaileak «errudun ala errugabea den, ez duzue besterik adierazi behar» esan zien; delako mahaiak «papera gora altxatu zuen eta ‘errugabea’ irakurri ahal izan genuen», dio “Cork Examiner”-ek. Bada, planoan hiru zenbakiaz markaturik duen auzitegia ikustera eroan nau Tonyk. Hori baino lehen planoko bi zenbakikoa ikustera joan gara. Cork konderriko presondegia. Itzela! 1891n suak suntsitua, aurrealdeak jatorrian bezala segitzen du.
Zorigaiztoko filinpadarrak presondegira otsailaren 8an sartu zituzten eta martxoaren 17an bertan askatu. Etxeita astean behin joaten omen zitzaien bisitan eta halaxe zekien Martin ziegan baina beste guztiak han barruan libre-edo ibiltzen zirela. Are libreago ibili ote ziren gero, behin kalean zirela? “Numero cuatro” hartako kapitainak zor ziena eman zien eta Queenstownera denak batera joan omen ziren. Trenez. Handik, ontziz, Liverpoolera gero. «Ea ba indioek beste ontziren bat topatzen zuten», dio “Amorios” erdarazko haren geroko euskal idazleak. Graduz artean pilotu, erraiez kapitain. Jose Manuel Etxeita Luzarraga, 23 urteko gizon gaztea.
Orduan Queenstown eta egun Cohb den horretan egin ditugu azken argazkiak eta lehenengo garagardoa Tony O’Mahonyk eta biok. «Berton ontziratu ziren ‘Titanic’-eko azkenak; bertotik egin zuen Etxeitak Liverpoolera», diost. Euria ari du, “Titanic” zein “Numero cuatro” bezalako ontziak lauso-lauso hortxe nabigatzen igartzen uzten duen euria da. «Mila esker, Tony! Bihar etxera». «Hegazkinez, ez Etxeitak Liverpoolera bezala».
Liverpoolen ez zioten etxera itzultzeko betarik eman. Behingoan kontratatu zuten. Joana kuttunak itxaron egin behar izango zuen. Noiz ontziratu zen, ez dakigu. Soka luzea ekarri baitzuen “Numero Quatro” (sic) harenak. 1865eko ekainaren 5eko alean “Cork Examiner”-ek zekarrenez, hango ondasunen legezko jabea nor zen erabaki behar izan zuten, Court of Admiralty delakoan. Harrezkero ez zen Jose Manuelen batela, ezta afera ere. Martxoa bere azkenetan zen eta, igaroa zen negua. Irlandako negua, haren negurik gogorrena. Kendurik 1915eko hartakoa. Martxoaren 1ean hil zelarik ez baitzen urte hartako udaberria usaintzera iritsi.