GARA Euskal Herriko egunkaria

Izan zen garai bat


Izan zen garai bat, non, etxerakoan, logelako argia pizturik ote zeneukan behatzeko zure etxe aitzinetik pasatzen nintzen. Ez zen zalantza bat, edo ase beharreko duda bat, ez; ez zen jakin-mina ere, barnean sentitu nahi nuen plazera baino ez zen, maiteminduaren momentuko desira txepel bat. Argia ikustean, ohe gainean irudikatzen zintudan, etzanda, sabaitik haragoko ortzimugari beha, han, nirekin elkartzeko ilusioz bazeunde bezala. Ordea, argirik ez bazen, lo irudikatzen zintudan, ametsetan, amodio eszena erromantikoetan barneratua, eta eszena bakoitzean ni.

Izan zen garai bat, non, festara irteten nintzen zu ikusteko intentzioarekin, eta festa lagunak harat-honaka eramaten nituen. Erabili egiten nituela, bai, badakit, baina zure xerka ibiltzeko aitzakiarik babesgarriena zen hura. Izan zen garai bat, non etxeko posta ordu oro behatzen nuen, zure maitasun hitzak gutun formara jasoko nituen esperantzan. Izan zen garai bat, non lo aurreko momentuetan nirekin zintudan, non, esnatutakoan nirekin zeunden, non, egun osoan elkarrekin geunden.

Izan zen garai bat eta heldu zen beste bat, non, ene bizitzatik desagertu egin zinen. Non zuganako sua itzalita, kea ere izan ote zen oroitzen ez nuen. Harrezkero, egunak, hilabeteak, urteak joan dira; luze joan da, konturatu gabe, eta zurekin akordatu gabe. Gaur, zu ikusi, eta hori dena oroitu dudan arte.