2015 API. 14 EAEko 37 enpresaren lanak daude ikusgai Hannoverko Industria Ferian Mundu osoko 6.500 enpresak jarduera ezberdinetako produktuak aurkeztuko dituzte ostiralera bitartean 86. edizioa betetzen duen azoka honetan. India da, 400 enpresarekin, aurtengo herrialde gonbidatua. GARA HANNOVER Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 37 enpresak euren produktuak aurkezteko lekurik aproposenetakoa aurkitu dute Alemanian atzo bertan hasitako 86. Hannoverreko Industria Ferian. Ostiralera arte iraungo duen ekimen honetan, jarduera ezberdinetan lan egiten duten euskal enpresak izango dira: mekanizazio, mozketa eta xafla eta hodi lanak, baita kautxu eta plastiko eraldaketarako lanak egiten dituztenak ere. Ez hori bakarrik. Bilboko Merkataritza Ganberak bultzatuta, beste sektore batzuetako jarduerak ere izango dira ikusgai Hannoverren aste honetan, industria sektoreko munduko topaketa handienean; hala nola, galdaketa, torlojugintza, engranajea eta soldadura, beste askoren artean. Guztira, 70 herrialdetatik etorritako 6.500 enpresak dute hitzordua industria feria honetan, eta horietatik 400 Indiatik etorritakoak dira. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak igandean inauguratu zuen ekimena, Europar Batasunak, ekonomia guztiak interkonektatzeko, digitalizazioan aurrerapenak eman behar dituela esanez. Bestalde, Ulrich Grillo Alemaniako Industria Federazioko presidenteak bere herrialdeak %2ko hazkundea izango duela aurreikusten du. PARTE HARTZAILEAKAipatzekoa da erakustokiko enpresen %60 Europako herrialdeetakoak, Indiakoak (herrialde gonbidatua), Txinakoak, Turkiakoak eta AEBetakoak direla.