GARA Euskal Herriko egunkaria

Eskoletako menuak probatzeko aukera emango die gurasoei Askora enpresak

Gurasoek ere umeek eskoletako jangeletan jaten dutena ezagut dezaten, ekimena abiatu du catering enpresak. Enkarguz, 50 familiari eramango diete afaria etxera, haurrek elikadura osasungarria jasotzen dutela frogatzeko. Datorren astean soilik egingo dute.


Askora catering enpresak “Etxean!” ekimena jarri du martxan, familiek umeek eskoletako jangeletan egunero jaten dituzten menuak probatu ahal izan ditzaten.

Azkenaldian kezka handia sortu da eskoletako jangeletan eskaintzen den elikaduraren gainean, ea haurrentzat egokia den ala ez. Izan ere, zenbait eskolatako gurasoek euren artean ados jarri eta menuak proposatzeko erabakia hartu dute. Askorak, Donostiako eskola ugaritan zerbitzua eskaintzen duenak, «gardentasun saio» bat egin nahi du eta gurasoak lasai geldi daitezen “Etxean!” jarri du martxan.

Horretarako, astean zehar eskoletan prestatzen dituzten lau menu hautatu dituzte eta zerbitzu hori jaso nahi duten familiei afaria etxera eramango diete zehazten duten egunean (943 91 41 29 telefonora deitu behar da). Kanpaina datorren astean zehar gauzatuko dute, apirilaren 20tik 24ra, eta oraingoz ez dute luzatzeko asmorik. Bost egun horietan 50 familiak parte hartu ahal izango dute, 10 eguneko, eta Askorakoek uste dute laster beteko direla plazak. Zerbitzua doakoa da, eskoletako jangela zerbitzua ordaintzen duten familiei zuzenduta dagoelako bereziki.

Aste honetan zehar haurrei ekimenaren berri eman diete eta horregatik jada familia ugarik deitu dute zerbitzua jaso nahi dutela esanez. Askorako kideek esan dutenez, gurasoei oso ideia ona iruditzen zaie haurrek jaten dutena probatzea.

Enpresaren balioak

Askora enpresak bere balioak partekatu nahi ditu egitasmo honen bidez. Izan ere, aurkezpenean bi langilek hartu zuten hitza eta azaldu zuten egunero 6.000 menu eskaintzen dituztela. «Jangelan jan egiten dute umeek eta jaten ikasten dute, elikadura ohitura osasuntsuak ikasten dituzte. Gurasoei erakutsi nahi diegu haurrak ondo elikatuta daudela». Gainera, telefonoz deituta umea zein eskolatan dagoen esan ostean, badakite zer bazkalduko duen zehaztutako egunean eta, beraz, afari egokia aholkatuko diete nutrizionistek. Horrela gurasoak ere kontzientziatzen dira.

Bestalde, langileen hitzetan, menuak osatzeko bertako elikagaiak eta ekologikoak erabiltzen dituzte, «arrantzaleekin edo nekazariekin harremanetan jarriz». Horrez gain, ingurumena zaintzeko konpromisoa dutela adierazteko, DBizi zerbitzuko bizikleta elektrikoak erabiliko dituzte banaketa egiteko.