2015 API. 16 Nazioarteko itzultzaileak euskaraz, euskal literatura mundura zabaltzeko GARA DONOSTIA Donostia 2016k eta Etxepare Euskal Institutuak Itzultzaile Berriak proiektua jarri dute abian. Egitasmoaren bidez, nazioarteko literatura itzultzaileak aukeratuko dira euskara ikas dezaten eta, ondoren, euskal literatur obra bat euren ama hizkuntzara itzul dezaten. Euskaraz ez dakiten lau itzultzaile eta euskararen oinarrizko ezagutza daukaten beste lau hautatzeko deialdia atzo ireki zen, 2015 eta 2016 bitartean Euskal Herrian egonaldiak egin ditzaten. Egitasmoa abiarazi duten bi erakundeetako ordezkariek Donostian eskainitako prentsaurrekoan atzo azaldu zutenez, ekimen honen bidez, nazioarteko hainbat literatura itzultzaileri euskara irakatsiko zaie, euskal literatura Europan sustatzeko helburuarekin. Horretarako, atzo bertan irekitako deialdi publikoaren bidez, nazioarteko zortzi literatur itzultzaile hautatuko dira euskara ikas dezaten. Horietako lauk, euskararen inolako ezagutzarik ez dutenek, sei hilabeteko egonaldia egingo dute Euskal Herrian eta, gainerako laurak, euskararen ezagutza maila baxua edo ertaina dutenak, hilabetez egongo dira, duten maila hobetze aldera. Aurtengo ekaineko bigarren hamabostaldi eta 2016ko martxoa amaiera bitartean (data zehatzik ez dute eman) izango diren egonaldi hauetan, hautatutako egile guztiek ikastaro trinko batean parte hartuko dute, barnetegi batean. Ahal dela, itzultzaile guztien egonaldien datak bat etor daitezen ahaleginduko da antolakuntza, elkarbizitza, lankidetza eta sare lana sustatzeko xedearekin. Halaber, tailer bat ere egingo da Tabakaleran, ekimenean parte hartuko duten zortzi itzultzaile horiekin.