GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Angeluhandia, zooma baino


Gaur egunkariko orriak arin batean pasatzeko asmoa izan dut, sabela larri nuelako, baina hara! albiste zer batek geldiarazi nau. Ez, zer ikusirik ez eskelekin. Ekonomia orrien aurretik den Zientzia orrian izan da ezustekoa. Hara, kanpoko unibertsora bidalitako lehenengo espazio-teleskopioak zenbat eta hogeita bost urte egin omen ditu egunotan, orbitan. Amen. Itxura batean jakintza bide berriak zabaldu dituzte horren kamerek bidalitako argazkiek, kamerok angeluhandidunak izatearen onuraz; Lurraz kanpoko espazio gaineko jakintza, betiere. Galaxiak, nebulosak, zulo beltzak, planeta nanoen ilargi berriak direla … aurkikuntzak, irudi ederrek horretarako bidea emanda. Teknologia altua, hain altua non Lurraren baxuan ez den aplikagarria.

Hortaz, teleskopio horren ispiluak Lurra ez den beste espaziora daude orientatuta. Nonbait, zenbat eta Lurretik urrunago izan espazio hori, kalitate handiagoko irudiak atera horrek. Ulertzekoa, beraz, Lurrean den Mediterraneoko irudiak ezin ateratzeko duen ahalmen teknologikoa. Hil argiko hilerri den itsaso horretan gauez gau gertatzen dena ikusteko zoomaren filosofia dute batzuek nahiago, angeluhandiko ikuspegia urruneko unibertsora mugatuz. Krisietan zatarrena hipokrisia den seinale. Angeluhandiak lehorrean kokatuko luke itsasoko dramaren sorburua, burtsaren lehorrean, besteak beste. Burtsa ala hil! Itsasoan hil ere, edo trenbide batean, egunotan Europa ekialdean gertatu modura. Trenean hiltzea gogorra izan daiteke, baina are gehiago trenbidetik migrante zoazela, eta gauez. Ez, urruneko planeten ilargiek sekula ez dituzte Lurraren zulo beltzak argituko, sekula hori santa bada ere. Lurraren, eta itsasoaren, arrasean orbitatzen den angeluhandiduna behar dugu, kanpokoa kanpokoentzat utzita, han azkarrik inor balego sikiera. Kanpokoaren kanpoa hemen dago.