2015 MAI. 12 Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen saioak abiatu dira GARA DONOSTIA Gipuzkoa Bertsotan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasearen lehenengo bi saioak Astigarragan jokatu ziren larunbatean. Goizeko saioan 85 bertsozale elkartu ziren herriko Kultur Etxean. Zortziko saioa izan zen eta Unai Muñoak bildu zituen puntu gehien. 17.30ean abiatu zen eguneko bigarrena. 75 bertsozalek segitu zuten eta Xabier Sukiak irabazi zuen saioa. Igandean, berriz, sailkapen faseko beste lau saio jokatu ziren, Oiartzunen eta Idiazabalen. Oiartzunen, udaletxeko areto nagusian izan zen hitzordua. Goizean, Oihana Iguaranek eskuratu zuen puntuaziorik onena; arratsaldekoan, aldiz, Mikel Artola alegiarrak irabazi zuen, Manu Goiganaren aurretik. Igandeko bigarren hitzordua Idiazabalen izan zen, Gipuzkoa Bertsotan-eko beste bi saio egin baitziren bertan. Goizean, Guraso Elkartean aretoa lepo bete zuten 100 bertsozalek. Asier Azpiroz zubietarrak irabazi zuen bizia izan zen saioa. Arratsaldekoan 80 inguru izan ziren bertaratutako bertsozaleak. Iñigo Gorostarzuk eskuratu zuen lehen postua. Saio horietan guztietan orotara 38 izan ziren parte hartu zuten bertsolariak. Unai Muñoa, Xabier, Sukia, Oihana Iguaran, Mikel Artola, Asier Azpiroz eta Iñigo Gorostartzu izan zirelarik onenak. Sailkapen faseak jarraipena izango du datorren asteburuan, zortzi saio berrirekin. Antzuola, Zaldibia, Hernani eta Bergaran bina saio jokatuko dira, goizeko 11.30ean lehenengoa eta 17:30ean bigarrena. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen faserako lehen itzulia amaitutzat emango da asteburuan, eta bigarrenari hasiera emango zaio.