2015 MAI. 17 Europaren adabakiak Jakes Goikoetxea 2015/5/14 Europako Batasuna patchwork erraldoi batekin pareka daiteke. Elkarri jositako adabaki ezberdinez osatutako errealitate batekin. Era berean, Europako Batasunak bultzatutako politikak ere pareka daitezke patchwork batekin edo adabaki sorta batekin: herrialde gehienak –herrialdeetako agintariak– gustura utzi nahiaren nahiaz epelkeria nagusitu baita Europako Batasunaren erabaki garrantzitsu gehienetan. Epelkeria, arazoen muinari heldu nahi izan ez dietelako. Finantza krisiaren kudeaketa izan daiteke horren adibide adierazgarrienetakoa. Halaxe gertatu da eta halaxe gertatuko da aurrerantzean ere immigrazio politikekin. Europako Batzordeak immigrazio estrategia berri bat proposatu du. Estrategia deitu dio, baina adabaki ere dei diezaioke. Errealitateak txiki uzten baitu estrategia indarrean jarri orduko, eta Europako Batzordearen erantzuna ez baita irtenbide bat bertara iritsi nahi duten migratzaile saldoentzat. Gainera, immigrazio estrategiak lehentasuna ematen dio mugen zaintzari, eta trafikatzaileen kontrako operazioak planteatzen ditu, «nazioarteko legedia errespetatuz». Migratzaileekin eta asiloa eskatzen dutenekin etengabe urratzen duten nazioarteko legedi bera –asilo eskubidea ukatu egiten diete eskatzaile gehienei–. Europako Batzordearen proposamena alferrikakoa bezain xaloa da. Migratzaileentzat. Ez migratzaileak nahi ez dituztenentzat.