2015 EKA. 15 Datak Jon GARMENDIA Idazlea Igande lainotsu bat itsasoan, sudurrera ailegatutako xanpainaren usaina bailitzan kresalarena; Mitterrandek bere 110 proposamenekin (euskal departamenduaren sorrera barne) Giscard d’Estaing hauteskundeetan garaitu zuen egunean itsasontziarekin ibili zela oroitzen du, Lohizunetik Biarritz arteko itsas labarretan, bere kapitain lizentzia estreinakoz esku artean zeukalako. Eta lehen oren erdia brankan igaro zuela, zurezko kroskoak uhainekin talka egitean zein soinu ederra egiten zuen entzuten, ababor eta istribor punta zorrotz bilakatzen dituen proan, itsasontziaren aitzineko aitzinean. Hori, zurezko habeari esker dela erraten hasi da, egun laukizuzena altzairuz egiten delako nagusiki, eta ez omen da gauza bera, eta jarraian, Fred Astaire aipatu du, bizi zela oraino, egun hartan bere urtebetetzea zela, eta biziki maite zuela. Maiatzaren 10az mintzo dela jakin dut Astaire noiz jaio zen begiratu ondoan, 1981ekoaz. Badian sartu zenean Peio ikusi omen zuen, lagun marinela, eta haren eskuen eta besoen mugimenduak zerbait larria gertatu zela ekarri omen zion burura; ez zen larria, baina garrantzitsua bai. Bere lehen semea sortu zen Baionan, eta Peio lagunak egun guztia pasa zuen xerka, abisatzeko xedearekin; medikuek hilabete falta zela erran zutela, telefonorik ukan balu... damuak. Semea besoetan hartu zuenerako, Bob Marley hil zela entzun zuten ospitaleko gelako irratian, eta semearekin ospitaletik irtendako egunean Joan Pablo II. aita santua hiltzen saiatu zirela Erroman. Badago datekin hitz egiten iaioa den jendea, nik zein egunetan bizi naizen ez dakidan artean.