2015 EKA. 24 AEBetara egin du jauzi Joseba Larratxe komikilariaren unibertso bisualak Joseba Larratxe «Josevisky» marrazkilariak «Waking» komikia argitaratu du Vertigo argitaletxe estatubatuarrarekin. Genevieve Valentineren gidoia duen kontakizunak fantasiazko mundua eraikitzen du falkoneriari buruzko istorio batetik abiatuta. Alea Vertigoren web orrialdearen bidez eskura daiteke, paperean zein bertsio digitalean. Amalur ARTOLA DONOSTIA Ikasketaz arkitektoa bada ere, Joseba Larratxe Joseviskyk bizibidez marrazkilari izatea du asmo eta, gaur-gaurkoz bederen, bide onetik doa. Hainbat tira komiko argitaratu ditu Euskal Herriko hainbat aldizkaritan, haurren ipuin bat ere ilustratu du, iaz “Kklrd” bere lehen komiki osoa kaleratu zuen eta, orain, DCren adarretako bat den Vertigo argitaletxe estatubatuarrarekin “Waking” argitaratu berri du. Komikia “Strange Sport Series” antologiaren 4. alean argitaratu da, beste hiru komikirekin batera, eta, Joseviskyren hitzetan, sortzailea eta argitaletxea, biak geratu dira gustura emaitzarekin: «Lehen zirriborroa bidali nienean egin nuena asko gustatu zitzaiela esan zidaten eta, egia esan, ez dut ia aldatu beharrik izan. Gainera, proposatu dizkiedan aldaketa guztiak eman dituzte ontzat, gustura geratu gara egindako lanarekin», ziurtatu du. Elkarlana iaz hasi zen, Iurre Ugarterekin batera egindako lana besapean hartuta Bartzelonako komiki azokara joan zenean. «Vertigoko ordezkariek komikia gustatu zitzaiela esan zuten, baina bere horretan ezin zutela argitaratu, ez ginelako ezagunak», azaldu du Joseviskyk. Bere datuak eta aurrerantzean egiten zituen lanak posta elektronikoz bidaltzeko konpromisoarekin agurtu zuten elkar. Superheroien merkatutik at Urtebete itxaron behar izan zuen argitaletxearen deia jasotzeko. «Nik nire lana bidali eta bidali jarraitu nuen, esperantza handirik gabe, baina aukera ona izan zitekeela jakinda. AEBetan Marvel eta DC dira argitaletxe ezagunenak, eta Vertigo azkenaren adar bat da, nolabait esatearren surperheroien merkatutik aldentzen dena, independenteagoa edo». Eta, halako batean, Genevieve Valentineren gidoia baliatuz “Waking”-en proposamena iritsi zitzaion. «Kirol arraroen antologia moduko bat da, eta laugarrenean doa gure komikia. Genevievek falkoneria hartu du ardatz bere istorioa abiatzeko eta gero, jada, fantasiazko mundu batean sartzen da», kontatu du Joseviskyk. Gidoi itxia oinarri izan badu ere, nolabaiteko askatasuna utzi diotela dio eta berak egindako proposamenak beti eman dituztela ontzat. Irudiei dagokienez, bere sorkuntza «gero eta gehiago» marrazki bizidunen tankera hartzen ari dela baieztatu du, eta hori igartzen dela komikian: «Kolore gama handia lantzen saiatzen naiz, eta kolore mantxei marrei bezainbesteko garrantzia ematen diet. Komikiarena baino, marrazki bizidunen itxura dute. Konparaketa bat egiteko, ‘Disney japoniarra’ deitzen dioten Hayao Miyazakiren tankera duela esango nuke», azaldu du. Aipatzekoa da Miyazakik Oscar saria jaso zuela “Chihiroren bidaia” filmagatik. Etorkizunean ere arkitekturatik baino bizimodua komikigintzatik «edo behintzat marraztetik» ateratzea espero duela dio, eta etxeko lanen zerrendako lehen postuan Angulemako komiki jaialdia duela: «Nire lana han erakustea da orain asmoa».