GARA Euskal Herriko egunkaria

Jose Manuel Etxeita, euskal eleberrigintzaren hastapenetara

Euskaltzaindiak eta Mundakako Udalak Jose Manuel Etxeitaren omenezko jardunaldia egingo dute bihar idazlearen heriotzaren mendeurrenean. Euskal eleberrigintzaren hastapenetan argitaratu zituen bere lanik ezagunenak, «Josetxo» eta «Jayoterri maittia».


Jose Manuel Etxeita (1842-1915) idazle mundakarraren heriotzaren mendeurrenean, bere omenezko jardunaldia egingo dute bihar Euskaltzaindiak eta Mundakako Udalak. Ekitaldia Mundakako Juan Tribisarrospe Kultur Etxean izango da, arratsaldeko zazpietan, eta Jon Kortazar eta Ana Toledoren hitzaldiak izango dira, Etxeitaren obra eta biografia aztergai izango dutelarik.

1842an Mundakan jaioa, itsasoari lotuta eman zuen bizitza Etxeitak. Mundu zabalean ibili zen hainbat urtez, itsasoarekiko loturari uko egin gabe bere lana lehorreratu zuen arte. Manilan ezarri zuen bere bizimodua Larrinaga y Compañia itsas-etxean beharrean. Urte mordoa egin zituen Filipina uharteetako hiriburuan; alkate izatera ere iritsi zen. Gaztetasuna urrundu ahala, baina, jaioterrira itzuli zen Etxeita, euskal literaturgintzan argitaratutako lanak idaztera.

Euskal eleberrigintza bere hastapenetan zen. Ezagutzen zituen garaian eleberriaren bidea abiatu zuten euskal idazleen lanak eta hainbat aldizkaritan (“RIEV”, “Euskal Esnalea”, “Euskalerriaren Alde”...) eman zituen argitara hainbat lan labur eta ipuin. Horien artean ezagunena “Mari-Jesus eta iru artzañak” izeneko lana izan zen.

Bi eleberri

Jose Manuel Etxeitak idatzi zituen bi nobelei esker lortu zuen euskal literaturan ospea eta izena: “Josetxo” eta “Jayoterri maittia”. Baina eleberria egiten hasten denean erreferentzia gutxi izango ditu idazle mundakarrak. Sei-zazpi eleberri baino ez dira kalean egongo denbora horretan eta haietatik bizpahiruk soilik beteko dituzte, kritikaren arabera, nobela batek eduki behar zituen ezaugarriak.

1909an argitaratu zuen “Josetxo” lana, Durangon, Josetxo izeneko umezurtzaren bizitza oinarri duen liburu mardula, 368 orrialdekoa. Familia euskaldun batek ijito batzuei erositako haurra da Josetxo eta erosten dutenetik 30 urte dituenera arte hainbat gorabehera eta bidaia biziko ditu. Jaioterrira itzultzean bere benetako gurasoak ezagutuko ditu.

Urtebete beranduago, 1910ean kaleratu zuen bigarren eleberria, “Jayoterri maittia”, 255 orrikoa. Artzain giroko kontakizuna da eta ekintzak Mexiko eta Euskal Herriaren artean kokatzen ditu.

Hirugarren lan bat ere ondu zuen, “Oroitzapenak”, baina argitaratu gabe dagoen eskuizkribua da. Etxeitaren bizitzako pasadizo desberdinak biltzen dira bertan.

Itzulpengintzan ere aritutakoa zen Etxeita; Trueba ipuinlariaren lanak euskarara ekarri zituenetako bat izan zen. “Creo en Dios”, “El Exposito” eta “Juan Palomo” izan ziren itzulitako batzuk. Olerkigintzan, “Au, ori ta bestia” liburuxka argitaratu zuen.