GARA Euskal Herriko egunkaria

MUNIBE GROUP, ELKARREKIN GEHIAGO IZATEKO BATU

Urola erdialdeko mekanizatuen alorreko bost familia-enpresa txiki eta ertainek Munibe Group eratu dute, hilabeteetako lanketaren ondoren. Nork bere izaerari eutsita, lehiakide izateari utzi eta lehiakorrago izateko indarrak gehitzea erabaki dute.


Bezeroari zerbitzu hobea eskaini, lehiakorrago izan eta proiektu handiagoak egiteko ahalmen nahiak Urola erdialdeko bost enpresa elkartzera bultzatu ditu. Iraurgi Berritzen garapen agentziak aurrera eramandako lankidetza proiektu berritzaile baten emaitza da Munibe Group. Egitasmoan nork bere kabuz ibilbide sendoa urratu duten mekanizatuen arloko familia-enpresa txiki eta ertainek parte hartu dute. Hain zuzen ere, Alberdi Mekanizatuak S.L., Talleres Arrieta S.A., Ekintza Lantegia S.A. eta Talleres Mecanicos Murua S.L. azkoitiarrek eta Mecanizados Gurrutxaga S.L. azpeitiarrak. Bakoitzak bere ekoizpen baliabideak, eskarmentua eta espezializazioa eskaini dizkio oraindik eratzeko bidean den taldeari, bat eginda egoteak onura ekarriko diela sinetsita baitaude.

“Elkarrekin beti gehiago” leloan laburbildu dituzte Munibe Groupen eskura jarri dituzten ezaugarriak: ezagutza, aukera, makina eta kalitate handiagoa. Guztien baliabideak batuta, puntako makinak eta 7.000 metro koadroko instalazioak dituzte. Horien bidez, edonolako pieza mekanizatuak garatzeko gai dira, 3 milimetrokoetan hasi eta 2,8 metroko diametrokoetara iritsiz, errazenetik konplexuenetara. Banaka 10 eta 30 langile artean dituzte, baina elkarrekin, 90 laguneko lantaldea osatzen dute. Sektoreei dagokienez, berriz, alor anitzetan dute sarbidea: makina-erreminta, nekazaritza, eolikoa, ontzigintza, altzairugintza, trenbide eta petrokimikoan. Halaber, orotara, taldeak 9 milioi euroko fakturazioa du.

Uztail hasieran beste bilera bat egin zuten taldeari eta honen egiturari buruzko erabakiak hartzen jarraitzeko. GARAk une hori baliatu zuen beraiekin hitz egin eta elkartzearen aldeko apustuari buruzko iritziak jasotzeko. Iraurgi Berritzen-ek Intxausti jauregian duen bulegoan batzen dira, eta hortik datorkio taldeari izena. Izan ere, Xabier Munibe Peñafloridako kondeak Euskalerriaren Adiskideeen Elkartea sortu baitzuen XVIII. mendean eta eraikin horretan bertan zuen egoitza. Garapen Agentziako Jon Zubizarretak argitu duenez, «Munibe gizon ilustratua eta berritzailea zen. Proiektua ideia horri lotua dago».

Hamar bat hilabete dira mahai baten inguruan elkartu eta aukerari buruzko gogoeta hasi zutela. Aurretik, ordea, «sukalde lan asko» egin dela azaldu du Zubizarretak. Agentziak enpresariekin harremana zuen proiektu zehatzetan eta hainbat gogoetatan beraiekin jardun delako. Hartu-eman horiei esker, «kanpotik ikusi genuen bost enpresek une honetan bazituztela elkarlana ahalbidetzen zuten ezaugarri batzuk, profil bat zeukatela: bigarren belaunaldia, enpresa familiarra, denak gazteak. Elkar ezagutzen zuten bi herri txiki direlako, baina ez bakoitzaren ekoizpen prozesua, pieza eta bezero tipoa». Egitasmoarekin hasi aurretik, era informalean eta banaka galdetu zien besteekin lankidetzan aritzearen inguruan. Prestaketa horrek ahalbidetu zuen taldean jokatuta zer duten irabazteko eta zer galtzeko elkarrekin aztertzeko pausoa ematea. Horren ondotik etorri dira prozesua abiarazteko eta harremana estutzeko bilerak. Kanpo eragile batek, Dinamikak-eko Alberto Etxeandiak, dinamizatu ditu batzarrak, baina enpresak dira protagonista eta erritmoa jarri dutenak. Hala ere, Alberdi Mekanizatuak-eko Aitzol Alberdik bitartekarien lana aitortu du. «Horrelako proiektuak indarra galtzen joaten dira, txinparta dute sortzeko unean, baina jarraipena emateko Jonek eta Albertok egin duten lana klabea izan da inork ez lagatzeko. Bestela, eguneroko zurrunbiloan sartu eta proiektua ez zen irtengo».

Konfiantza eta gardentasuna, gako

Proposamena ondo hartu bazuten ere, hotz begiratzen zioten, Muruako Jon Etxetxipiak telefonoz egindako adierazpenetan gogoratu duenez: «Ez zitzaigun burutik halakorik pasatzen, harriduraz hartu genuen; baina ideia berriei irekiak gaude eta saialdia egin behar zela pentsatu genuen. Barruan daukazun informazioa plazaratzeak beldurra ematen dizu, muga hori puskatzeak, baina berehala ikusi genuen irabazteko gehiago genuela galtzeko baino».

Kide guztiek uste dute elkar ezagutzea izan dela aurrera egiteko gakoa, eta inflexio-puntua, bakoitzak besteei bere lantegia erakutsi izana. «Orduan ikusi genuen leku batzuetan talka egiten dugula, baina egiaz ez garela horren konpetentzia, orokorrean, bakoitzak bere bezeroak dituela. Gero bilerak egin ditugu eta konfiantza lortu dugu», aitortu du Mecanizados Gurrutxagako Aitor Gurrutxagak. Nahiz eta makina bera izan ez dute gauza berberetarako erabiltzen. Bat egiten dutenetan ere, batzuk besteak baino lehiakorragoak dira edo sektore desberdinetara bideratuta daude. «Oso lagungarri izaten ari zaigu ‘zuk hori nola egiten duzu?’ elkarri galdetzea. Piezen informazioaz gain, kudeaketaren ingurukoa ere partekatzen ari gara», azaldu du Ekintza Lantegiko Ainhoa Larrañagak.

Taldean jardun nortasunari eutsiz

Munibe Group maiatz bukaeran aurkeztu zuten Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren egindako azpikontratazioari buruzko azokan. Une hori nabarmendu du Talleres Arrietako Ruben Arrietak, ekoizpen gaitasuna handitzetik harago, taldeak ekarritako bestelako abantailak aipatzeko. «Feria horretara joatea; bost enpresetatik bi bakarrik joanak ziren aurretik, beste hiru ez. Orain talde bezala goaz, stand handiagoa daukagu, bezeroarekiko beste irudi bat ematen dugu... Bakarrik hori egitea zaila litzateke». Iritzi bereko agertu da Etxetxipia ere. «Baliabide pertsonalak parteka ditzakegu eta komertzialki batera eginez aukera gehiago ditugu. Esaterako, azoka batera beste enpresekin bazoaz, merkeagoa da eta jende gehiago dago». Taldeak jasotako eskaerak edo kideei ondo ez datozkienak barne kudeaketaren bidez landu eta taldeko komertzial Ainhitze Bereziartuak partitzen ditu.

Proiektu bateratua izan arren, bakoitzak bere enpresarekin jarraitzearen garrantzia nabarmendu du Gurrutxagak. «Aspaldiko enpresak dira eta hori galtzea pena litzateke». Ildo beretik, Arrietak zehaztu du hasieratik argi utzi zutela hala izango zela. Datorrenaren arabera erabakitzen ari dira, poliki-poliki, asmoa ez baita zerbait handia sortzea bat-batean. Munibe Groupek ez du berezko izaera juridikorik, eta arduradunek ez dakite izango duen ere. Ainhoa Larrañagak aurreikusi duenez, «nahiago izan dugu pixkanaka joan. Juridikoki osatzea eskatzen badigu, osatu, baina ikusten joan». Zubizarreta horren aldekoa da, baina argitu du ez dagoela pauta zehatzik, kode etiko bat bakarrik.

Bestalde, izaera itxia ez badu ere, taldea egonkortu arte ez dute inor gehiago batzea aurreikusten. «Enpresaren bat aldatu edo besteren bat sartu balitz, ez zela aurrera aterako uste dut», esan du agentziako kideak.

gertutik eta harreman estuak landuz aritzea, aukerak atzemateko bidea

Iraurgi Berritzen 2013ko uztailean sortu zen, bere baitan Iraurgi Lantzen S.A. garapen agentzia, Ezagutza Gunea eta Loiola Berrikuntza Fundazioa hartuz. Azpeiti eta Azkoitiko udal erakunde publikoen estrategia bateratzen du eskualdearen sustapen sozioekonomikoaren eta berrikuntzaren alorrean, politika eta estrategia publikoen eragina indartzeko xedez.

Halaber, helburu du eragin eremua zabaltzea, eskualdeko eta lurraldeko zenbait eragile publikorekin nahiz pribaturekin sinergiak eta lankidetza indartzea. Asmo horien haritik eta erakundearen «Elkarrekin eskualdea eraldatzen» filosofiari jarraituz, Munibe Group bezalako egitasmo bat gauzatzea lortu dute. Garapen agentziako kide Jon Zubizarretak honela azaldu du: «Urteak daramatzagu bailarako eragileek, ez enpresekin bakarrik, sentsibilizaziora, trebakuntzara eta espazio berriak partekatzera bideratuta lan egiten».

Lankidetzarako testuinguruak sortzeko gertutik jardun dira enpresekin, trebakuntzara eta euren arteko harremanak estutzera bideratutako proiektuetan. «Barrutik ezagutu eta konfiantzazko harremana sortu dugu beraiekin. Horrela izan behar duela ulertzen dugu. Edozein elkarlan proiektutan klabea da, emozionalki eta teknikoki». Munibe Group aurrera eraman dituzten proiektuen baitan lortu duten lehen emaitza zehatza da. Elkar ezagutzeak aukera atzematen lagundu duela aitortu du Zubizarretak, enpresen beharren eta gaitasunen berri zutelako.

Halako egitasmoek bailarari ekar diezaioketen onurez gain, agentzian ere eragin positiboa izaten ari dela uste du. «Eskualde bezala aurrera eramaten erraza ez den proiektu bat garatzen ari gara eta horrek beste aukera asko sortzen dizkigu. Beste enpresa batzuetara iristeko eta proiektuak proposatzeko gaitasuna ematen digu».M. A.