2015 UZT. 15 Arrauna Gipuzkoako eta Bizkaiko Traineru Txapelketak gaur jokatuko dira A. AIESTARAN Traineru denboraldia bete-betean daukagu, eta gaur urteko estropada berezi horietako bi jokatuko dira: Gipuzkoako Txapelketa Donostian eta Bizkaikoa Lekeition. Bandera eta dominez gain, Euskadiko Txapelketarako txartelak ere jokoan izango dituzte partaideek. Donostiako estropada 18.30ean hasiko da Kontxako badian. Lehenik emakumezkoen titulua ipiniko da jokoan, eta horretarako lau ontziko bi txanda antolatu dira. Lehenengoan Zarautz-Getaria, Hernani, Donosti Arraun eta Oiartzun irtengo dira; bigarrenean Zumaia, San Juan, Hibaika eta Orio. Bi luze eta ziaboga bakarreko lanari egin beharko diote aurre. Ondoren gizonezkoen estropada hasiko da, hiru txandarekin. Aurrenekoan Hibaika eta Oiartzun irtengo dira; bigarrengoan Getaria, Zumaia, Donostiarra eta Zarautz; eta hirugarrengoan Hondarribia, Orio, San Juan eta San Pedro. Lau onenak sailkatuko dira Euskadiko Txapelketara. Bizkaiko Txapelketa, berriz, 19.00etan hasiko da Lekeitioko estropada eremuan, eta aurten ere ezin izan dute emakumezkoen estropadarik antolatu. Horrenbestez, gizonezkoen hiru txanda izango dira. Aurrenekoan Getxo, Lutxana, Mundaka eta Arkote arituko dira arraunean; bigarrenean Ondarroa, Deustu, Isuntza eta Santurtzi; ohorezko txandan Bermeo, Kaiku, Zierbena eta Portugalete irtengo dira. San Juan (emakumezkoetan), Orio eta Bermeo dira egungo txapeldunak.