2015 UZT. 16 Donostiako Metroan hiru geltoki berri egiteko proiektua aurrera doa Lakuako Gobernuak Donostia lur azpitik zeharkatuko duen trenbidearen proiektuari oniritzia eman eta eraikuntza lanak lizitatu egin ditu. EuskoTren sareari beste hiru geltoki gehitu nahi dizkiote Antiguan, Kontxan eta Eason. Azken honek egun dagoena ordezkatuko du. GARA DONOSTIA Lakuako Gobernuak Donostiako Metroa zabaltzeko proiektuari oniritzia eman dio. Helburua trenbidea bi zatitan eraikitzea da eta guztira hiru geltoki berri sortzea. Ibilbidea lurraren azpitik joango da, bai Antigua auzoa eta erdialdea lotzen dituen zatia eta bai Kontxa hondartzaren ondotik pasako dena. Egin nahi duten trenbide berriak 4,2 kilometro izango lituzke. Lehen zatiaren luzera 2.200 metrokoa izango litzateke eta 450.000 euroko aurrekontua dauka. Honakoa Lugaritzeko geltokitik 100 metro ingurura hastea nahi dute, eta bertatik, Antiguarantz jaistea, Bentaberriko etxebizitza zabalgunetik hurbil jarraitzeko. Bertan jarriko dute lehenengo geltokia: Bentaberri-Antigua. Trazatua Kontxa hondartzaren erdialdera arte luzatuko litzateke. Bigarren zatia 2.000 metro luze izango litzateke eta aukeratutako enpresak 400.000 metroko aurrekontua izango luke. Trazatua lehenengo zatia amaitzen den lekuan abiatzekoa da, hau da, Kontxa erdialdean, eta kostaldetik jarraituko du lurpean hiriaren erdialdera iritsi arte. Bertan dago proiektatutako bigarren geltokia: Kontxa-Erdialdea. Lineak hegoalderantz jarraitu, eta, egungo Amarako geltokia gainditu ondoren, Easoko geltoki berrira helduko litzateke. Ondoren, Morlanseko lur azpiko zatiaren hasieran egungo trenbidearekin bat egin arte jarraituko luke. Zati bakoitza eraikitzeko, enpresek sei hilabeteko epea izango lukete. «Igarobidearen eraikuntzak, Amarako trenbide lubakia kentzeaz eta lur-zati handia herritarrek erabili eta goza dezaten libre uzteaz gain, garraio publiko erabilerraza, modernoa, segurua, ekologikoa eta eraginkorra ekarriko du Donostia erdialdera», aipatu zuen Lakuako Gobernuak ohar batean. Proiektuarekin lortu nahi dutena unibertsitate guneari zerbitzua eskaintzea eta Amarako geltokiak eratzen duen «zaku-hondoari» soluzioak ematea da. Bizilagunak kexaka Donostian azken urteetan bultzada handia eman zaio garraio publikoari, batez ere autobus zerbitzuari, non flota nabarmen handitu den eta hobetu ere bai (motor elektrikoa erabiltzen hasi ziren pasa den urtean). Horiei esker oso ondo komunikatuta daude auzo gehienak, eta hori dela-eta, badaude Metroaren proiektuaren kontrakoak diren zenbait ahots. Esaterako, Metroa eraikitzeko egitasmoak herritarren erantzuna piztu du. Hauek ehunka alegazio aurkeztu dituzte eta auzoetako bizilagun, elkarte eta talde sozialek batzarrak egin dituzte egun hauetan. Hori dela-eta, eztabaida publikoa sustatuko duen bizilagun talde berri bat osatu dute eta gaur bertan aurkeztuko dute Easo plazako EuskoTren geltokiaren atarian goizeko hamaiketan. Interesa duen orori gerturatzeko deia luzatu diote. Bestalde, Eguzki talde ekologistaren iritziz, Metroa oso baliagarria da jendeak ez duelako autoa hainbeste erabiltzen, baina horrek ez du esan nahi geltoki berriak eraikitzea babesten duenik. Hasteko, Donostia bezalako hiri txiki batean uste dute beste aukera jasangarriago eta merkeago batzuk badaudela. «Tranbia edo Tren-Tram bezalako aukerak baztertu egin dituzte», zioten asteartean GARAn argitaratutako iritzi-kolaborazio batean. «Uste dugu Gipuzkoako aldirietako argazkia osorik hartu behar dela kontuan, are gehiago orain Loiolako Erriberetako EuskoTren eta Renfe lineak elkartzeko proiektua biziberritu dela ikusirik», aipatu zuen Eguzkiko ordezkariak Kontxako pasantea ez dela lehentasunekoa iradokiz. Obra horiek denbora luzez geldirik egon dira «aurrekontu faltagatik», lan horiek Metroarekin egin nahi dituztenak baino merkeagoak baziren ere. Gaineratu dutenez, Donostian badaude zenbait auzo hain ondo komunikaturik ez daudenak, baina aurrekontu txiki batekin, bertatik pasatzen diren autobusen zerbitzua hobetuz, arazoa erraz konpondu daiteke. 4,2 KILOMETROHiru geltoki berri eraiki nahi dituzte 4,2 kilometroko ibilbidean. Guztira 850.000 euroko aurrekontua dauka Kontxa ondoan, lur azpitik, igaroko litzatekeen trenbidearen eraikuntzak.