2015 UZT. 18 Euskaltzaindiaren eta Eizie-ren ituna, testuak jaso eta aldaerak biltzeko GARA DONOSTIA Donostiako Luis Villasante Euskararen Ikergunea itun «estrategiko» baten lekuko izan zen atzo, Euskaltzaindiaren eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen (Eizie) artekoa. Akademiaren izenean Andres Urrutiak eta elkartearenean Mikel Garmendia presidenteak sinatu zuten. Urrutiak azaldu zuen Eizien biltzen diren eragileak, eta horiek bezalakoak, aintzat hartu nahi dituztela. Garmendiak, aldiz, aipatu zuen elkartean beti izan direla kezka iturri araua eta erabilera eta oso inportantea dela dinamika bateratu bat izatea. Elkarlana eta interakzioa aldarrikatu zituen. Bi erakundeen arteko hitzarmena euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzarako, sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako egitasmoen inguruan gauzatuko da. Besteak beste, Euskaltzaindia garatzen ari den Lexikoaren Behatokia elikatuko du: Eiziek “Senez” aldizkariko, “Literatura Unibertsala”, “Urrezko Biblioteka” eta “Itzultzaile aitzindariak” bildumetako eta “31 eskutik” blogeko testuak akademiaren esku jarriko ditu. Lexikoaren Behatokia Andoni Sagarna Lexikoaren Behatokiaren zuzendariak esplikatu zuen egitasmo hau zer den eta zer garrantzi duen. 2007an, Hiztegi Batuko lantaldeak Lexikoaren Behatokia sortzea proposatu zion akademiari, neologiaren eta hiztegiaren erabilera aztertzeko. Geroztik, proiektua urtez urte garatzen eta erabiltzen joan dira. Egitasmoak ikerketarako eta kontsultarako testu-corpus bat prestatzea du oinarri, hizkuntzaren erabilera hurbiletik jarraitzeko, eta testuen katalogazio zehatzaren bidez, euskararen aldaera bakoitzak jendartean duen garrantziaren arabera hornitzen joan daitezke.