2015 UZT. 26 DONOSTIAKO JAZZALDIA Golson: «Europan jasotzen dudan lehen saria da honakoa» Artean gaztea eta jazzaren munduan barneratzen hasia zela, Europa bisitatzearekin egiten zuen amets Benny Golsonek. Urteekin, «Jazzaren Urrezko Aroko» saxofonista handienetakoa bilakatu zen philadelphiarra eta, atzo, bere ibilbidea Donostiako Jazzaldia sariaren bidez ohoratu zuten. Europan eskaintzen zaion lehen saria esker onez jaso zuen. Amalur ARTOLA DONOSTIA Partitura arteko lehen urratsak piano klasikoaren eskutik eman bazituen ere, 14 urterekin saxofoiaren doinu askatzaileak ezagutu eta amari berak jazzaren bidea urratu behar zuela jakinarazi zion: «‘Saxofoia? Jainkoarren! Menpekotasuna sorraraziko dizu horrek!’, erantzun zidan», oroitu zuen atzo barre artean Benny Golson berak. Ia 70 urte geroago, “Jazzaren Urrezko Aroko” saxofoi-jole eta konposatzaile handienetakoa da eta, jazzari egindako ekarpena eskertzeko, atzo Donostiako Jazzaldia saria eskaini zioten. Saria inguruan dozena bat argazki kamera zituela eman zion Eneko Goia Donostiako alkateak eta, bere inguruan horrenbeste kamera sekula ikusi ez zituela ziurtatu ostean, «denen artean ezagun egingo nauzue azkenean!», esan zuen, prentsaren aurrean egindako agerraldian etengabekoa izango zen umore printzaren atari gisa. Gustura agertu zen Philadelphiako (AEB) 86 urteko saxofoi jotzailea, oroitzapenetan murgilduta. Entseatzen beste handi batekin, John Coltranerekin, hasi zela ekarri zuen gogora: «Etengabe entseatzen genuen, haren etxean. Bizilagunak nazka-nazka eginda genituen!», azaldu zuen barrez. Saxofoian trebatzeaz batera ekin zion konposatzeari eta, Coltrane Miles Davisen taldera batu zenean, berarekin gerora arrakasta eskuratuko zuen Golsonen partituretako bat eraman zuela ekarri zuen gogora: “Stablemates”. Hala hasi zen Golson konposatzaile gisa ere ezagun egiten eta, egun, gutxi dira euren errepertorioan bere abestiren bat ez duten jazz taldeak –“Whisper Not”, “Killer Joe”, “I Remember Clifford” (ekitaldian gogoan izan zuen Clifford Brownen omenez idatzia) edota “Are You Real?” dira adibideetariko batzuk–. Europarekin amets Apurka, Golson gaztea oholtzak gerora “Jazzaren Urrezko Aroko” izar izango zirenekin hasi zen partekatzen. Brown eta Coltranez gainera, Philly Joe Jones, Lionel Hampton, Johnny Hodges, Paul Chambers edota Max Roachekin aritu izan dela ekarri zuen gogora eta, 60ko hamarkadan, Art Farmer tronpeta jotzailearekin batera The Jazztet osatu zuen, denborarekin gazte askoren erreferentzia izango zen jazz talde emankorra. «Etorkizunak zer ekarriko zigun ez nekienean, Europarekin egiten nuen amets», azaldu zuen Golsonek. Eta, bitxia bada ere, kontinente zaharrean sekula saririk jaso gabea dela ziurtatu zuen: «Amerikan jaso ditut, baina Europan bat bera ere ez. Horregatik egiten dit halako ilusioa. Baina maleta txikia ekarri dut, ez dakit kabituko zaidan!». Ekitaldian lasai mintzatu zen Golson, hausnartuz, hitz pausatu bakoitzarekin entzuleak harrapatuz eta, kontatzen zuen pasarte bakoitzaren amaieran, publikoaren ezpainetan irribarrea marrazten ahaleginduz. Bezperan ere, ikuslea harrapatzeko abilezia berbera erakutsi zuen Kursaaleko oholtzan, pieza bakoitza oroitzapen batekin lagunduz. Azken abestian ezik: “Blues March”. Agerraldian, bezperan hasitako lana borobildu zuen: «Art Blakey bateria jotzaileari martxa bat konposatu behar nuela esan nionean ‘erotu al zara?’ galdegin zidan, ‘jazzean inork ez du martxarik jotzen, hori militarren kontua da!’. Piano bat banuen, 50 dolarrengatik erosia: jabeak orlegiz margotzeari ekin zion eta, lanaren erdia egina zuenean, damutu eta horrela utzi zuen. Horregatik erosi nuen horren merke [barreak]. Piano horretan konposatu nuen ‘Blues March’. Bakleyk zer egin behar zuen galdegin eta roll off bat egiteko esan nion. Abestia aurkeztean, ezberdina zela azaldu genuen. Jendea mahaitxoetan banatuta zegoen eta, une zehatz batean, jendea zutitu egin zen, mahaietan erritmoa errepikatzen hasi ziren... Zoragarria izan zen. Geroztik, Blakeyk kontzertu guztietan jo nahi izaten zuen ‘Blues March’».