2015 UZT. 31 Ezagutzera emateko kanpaina abiarazi du Donostia 2016k 2016an Europako Kultura Hiriburua izango dela bistaratzeko kanpainak irailera arte iraungo du. Eraikin adierazgarrietan ipiniko diren olanek, hiri osoko markesinetan jarriko diren kartelek eta hainbat puntutan banatuko diren postalek osatzen dute hedapen plana. Iñigo EXPOSITO donostia Donostia 2016an Europako Kultura Hiriburua izango dela bistaratzeko kanpaina abian jarri dute udako hilabeteetarako, urtaro honetan egoten den bisitari kopuru handiaz baliatuta. Hiriburutzaren urtearen aurreko azken udarekin bat eginez, lehengo astean martxan jarri zuten kanpaina irailera arte luzatuko dute. Kanpainaren helburuak udan Donostiara gerturatzen diren turistei hiria 2016ko Europako Kultura Hiriburua izango dela jakinaraztea da. Aldi berean, herritarren aurrean proiektua sendotu eta hirian nabarmendu nahi dute. Kanpaina progresiboa Lehengo astean martxan jarri zen kanpainaren bidez, hiriko kaleetan barrena proiektua agerian uzten duten hainbat euskarri jarri dituzte, eraikin adierazgarrienetan.«Kanpaina, estrategia progresibo batean oinarritzen da. Gauzak horrela, pixkana-pixkana toki adierazgarrietara zabaltzen joango gara hedapen plana. Orain artean hiru lekutara zabaldu dugu, udaletxe aurrealdera, Konstituzio plazara eta Victoria Eugenia antzokira. Prozesu honetan, Donostia 2016 proiektuko oinarrizko hitzak komunikatuko ditugu; ‘Donostia’, ‘San Sebastian’, ‘2016’ eta ‘Europako Hiriburua’», azaldu zuen Pablo Berastegik, Donostia 2016ko zuzendari orokorrak. Eraikin nabarmenetan jarri diren olanez gain, kartelak jarriko dira hiri osoko ehundik gora markesinatan, abuztuaren 3tik 16ra eta irailaren 14tik 27ra, Aste Nagusiarekin eta Donostiako Zinemaldiarekin bat eginez. Gainera, hiriko hainbat lekutan, hala nola hoteletan, turismo bulegoetan edota saltokietan, ehunka postal banatuko dira. Kanpainan erabiliko den kontzeptu bisuala «letra larriak» eta «hiriburuaren letrak» esamoldeen arteko hitz-jokoan oinarritzen da. Ondorioz, olanetan, markesinetan eta postaletan ikusgai dauden letra larriek Donostia 2016ko lan ildo bana irudikatzen dute. Breaking Moldsek, ikuspegi berriak lantzen dituen enpresa donostiarrak, eraman du aurrera komunikazio estrategia. «Donostiako konpainia batekin egin dugu lan kanpainan. Bere izenak dioen bezala ohikotik urruntzen den enpresa da. Gure irudi korporatiboa udarekin erlazionatu da, koloretsuago eginez. Olanetan edo markesinetan ikus daitezkeen hizki guztiak Donostiako elementu kulturalekin lotura dute. Esaterako, udaletxe aurrealdean dagoen lonako D hizkiak Jorge Oteizaren eta artista euskaldunen ideiak irudikatzen ditu», adierazi zuen Berastegik. Hala ere, kanpainak Hiriburutza proiektuaren marka ez duela aldatuko azaldu dute, aldi baterako hedapen plan bat baino ez baita. Arduradunek jakinarazi dutenez, urrian emango da azken egitarauaren berri, Donostia 2016an egongo diren jarduera guztiak barne hartuko dituena.