GARA Euskal Herriko egunkaria

1912ko galarrenean hil ziren 143 arrantzaleak omenduko dituzte Bermeon


Bermeoko Udalak zenbait ekitaldi prestatu ditu 1912ko abuztuaren 12rako, galarrenaren 103. urteurrena dela-eta, hondamendi hartan hildako 143 arrantzaleak omentzeko. Lehenengo hitzordua hurrengo asteazkenean izango da, urteurrenaren egunean bertan, Bermeoko portuan. Itasontzi tradizionalei harrera egingo diete, portuko “Olatua” eskulturan. Goiz osoan itsasontziak ikusteko aukera izango da, eta 12.00etan zinga txapelketa egingo dute batelek, «galtzeko zorian dagoen ohitura zahar hau ikusteko aukera emanez» eta «gure kultura erakutsiz».

Aingeru Astui Bermeoko Kultura zinegotziak eta Unai Bilbao Galerna elkarteko kideak aurreratu zutenez, asteazken arratsaldean, itsasontzi tradizionalak uretaratuko dira, 18.00etan, eta 21.00etan «itsasontzien prozesio isila» egingo dute “Xixili”-rantz. Aldi berean, Portuzaharrean, kandelak banatuko ditu 125 urte dituen Serrats enpresak.

Arrantzaleen Museoan, erakusketa berezia dago ikusgai 16ra arte, eta 12an, sarrera libre. Nabigazio libreko irteera bat ere antolatu dute, hilaren 13rako.