GARA Euskal Herriko egunkaria

Senpere uztera behartuta, Bokalera joan dira ibiltarien dozenaka karabana

Urteroko arazoa da. Ehunka ibiltari, beren karabanak hartuta, Ipar Euskal Herrira jin ohi dira uda partean. Beren egonaldia herri batzuetan besteetan baino hobe igarotzen da. Oraintxe bertan Baionan dozenaka karabana daude, prefetaren aginduz Senpere utzi ostean.


«Bidaiari jendea» deitzen diete beren aspaldiko ohiturari jarraiki, urtero hilabete batzuk beren karabanarekin handik honat ibiltzen direnei. Beraien arteko elkarretaratze jendetsuak egiteko baliatzen dute uda sasoia eta, hala, urtero ehunka batzuk Ipar Euskal Herrira ere jiten dira.

Alta, beren egonaldiak gorabeheratsuak eta zenbaitetan istilutsuak ere izaten dira. Hala gertatu da, esaterako, joan den astean Senpereko kirol zelaiaren inguruetan pausatutako 250 karabanekin.

Haietako asko Azkainetik zetozen. Han, auzapezarekin akordioa adostu zuten eta ez zen arazorik izan. Senperekoarekin, ordea, ez zen hala gertatu, eta okupatutako lurrak uzteko eskaerari muzin egin ziotenez, Pierre-Marie Nosbaumek prefetarengana jo zuen kanporatze prozedura baliatzeko.

Eremu prestaturik ez

Agindu administratiboa jasota, igandean utzi zuten Senpere baina ibiltarien 150 karabana Saint Bernard Baionako portuko eremuan instalatu ziren atzo. Bokaleko lurretan dagoen lan-eremu hori Merkataritza eta Industria Ganberarena izaki, berari dagokio kanporatzea eskatzea edo, aldi batzuetan gertatu bezala, bertan gera daitezen uztea.

Legearen arabera, 5.000 biztanletik gorako herriek eremu prestatu bat izan behar dute nomadentzat. Urteekin herri askok ezarri dituzte, baina gehienek ez dute horrenbeste karabana batera jasotzeko gaitasunik. Horiek horrela, ibiltariek beste eremu handiagoak hartzen dituzte (aparkaleku, kirol zelai...) eta orduan, lekua kaltetzen dutelakoan, maiz kalapitak izaten dira tokiko agintariekin.