2015 ABU. 12 Abordatzearen lan itzela eskertu ostean, txikien txanda da bihar Aurreko segurtasun neurriak zein geroko garbiketa lanak, biak bikain amaituta, Abordatzearen arrakastaz pozik dira Donostiako Piratak. I.I. donostia Ederki joan zen dena asteleheneko Abordatzean, eguraldia barne, eta pozarren daude Donostiako Piratak. Sekulako parte-hartzeaz gain, ehunka lagunek egindako lan itzela txalotu eta eskertu nahi izan dute. Abordatzea ez baita soilik Aste Nagusiko astelehenetako 17.00etan gertatzen dena, aurretik eta ondoren egiten den guztia baizik. Boluntarioekin batera, beren laguntzagatik eskerrak eman dizkiete irlako itsasontzietako lagunei, sorosleei, suhiltzaileei, DYAko kideei eta APSASeko urpekariei, segurtasun arloan edota geroko garbiketa lanean buru-belarri aritu zirelako. Honezaz gain, itsasora irten nahi eta ezin izan zuten ehunka lagunen jarrera ere eskertu dute. Izan ere, haizea harrotu ondoren, segurtasun bermeak hala eskatzen zuelako, oraindik kaitik atera gabe zeuden baltsetan zihoazen neska-mutilei portura itzultzeko eskatu zieten, eta hauek «gure eskariari kasu egin eta buelta eman zuten, guztiek. Aupa zuek!», adierazi dute antolatzaileek. «Eta ez arduratu, datorren urtean ere izango da abordatzeko aukera», erantsi dute Flamenkatik. Ia hedabide guztiek, baita Estatu mailako hainbat telebista garrantzitsuk ere, oihartzun handia eskaini diote ekimen honi. Esan daiteke, duda izpirik gabe, su artifizialekin eta hasierako kanoikadarekin batera arreta gehien erakartzen duen jai ekitaldia dela honako hau, duela urte gutxi (2003an hain zuzen ere) asmatu arren. Oraindik beste Abordatze bat geratzen da, haurrena, hirugarren edizioa betetzen duena. Biharko da hitzordua kaian, 17.30ean, baina aurretik beraien gustuko bazkaria izango dute txikiek, handien antzera, Flamenkan. Guztia «harrobia» ederki zaintzen duen Pirata Bihurriak kofradiaren esku.