GARA Euskal Herriko egunkaria
Sega

Europako onenak Azpeitian izango dira dena ematen

Euskal Herria, Suitza, Alemania, Eslovenia, Austria eta Hego Tirol neurtuko dira bihartik aurrera Europako Segalarien Txapelketan.


Bihartik aurrera jokatuko da Azpeitian, Loiolako Basilikako belardietan, Europako Segalarien Txapelketa. Nazioarteko erakoak izango dira saioak, Euskal Herrian indarra duen era tradizionalean ez baita Europako txapelketarik. Sei herrialde ariko dira lanean, eta hortxe izango da Euskal Herria. Segan, areto futbolean, futneten, mikrofutsalen edo sokatiran bezalaxe ofiziala da euskal selekzioa, eta txapelketotan baldintza berdinetan lehiatu ahal izaten du.

Euskal segalariekin batera, Austria, Alemania, Suitza, Eslovenia eta Hego Tirolekoak lehiatuko dira. Mota honetako selekziorik onenak izango dira ikusgai Azpeitian. Alaitz Imaz, Ainhoa Mazkiaran, Ainhoa Galarraga, Irati Astondoa eta Ainara Otamendi, nesketan, eta Bixente Mitxelena, Jexuxmari Goenaga, Koldo Artzelus, Julen Gabirondo, Andoni Urrutia, Aimar Garmendia, Oier Urkola, Jon Otegi, Mikel Lizartza eta Suharri Irazustabarrena, mutiletan, izango dira Euskal Herria ordezkatuko dutenak.

Ekitaldi nagusia igandekoa izango da, orduan jokatuko baita Europako Txapelketa, baina dena bihar hasiko da, harrerarekin, eta antolatutako ondorengo festarekin. Etzi, berriz, belardia bisitatu eta elkar ezagutzeko baliatuko dute, eta, aldi berean, aurreneko aldiz jokatuko da nazioarteko gaztetxoen torneoa ere. Euskal Herria bertan izango da, eta ustekaberik ez bada, baita Esloveniako segalariak ere. Beste herrialdetakoak ikusgai daude, leku batzuetan eskolako garaia ere heldu baita dagoeneko.

Sega bakarrik ez

Atzo egin zuten aurkezpenean esan zuten bezalaxe, txapelketa hau ez da izango segako ekitaldia soilik, bertan parte hartuko duten selekzioen arteko elkar trukaketa bat ere bai, bai arlo kulturalean, bai beste kiroletan ere. Horrela izaten da, honelako lehiaketak jokatzen direnean.

Zaleek segan aritzeko joera ezberdinak ere ikusiko dituzte, eta askorentzat aurreneko aldia izango da Euskal Herritik kanpoko segalariak ikusten dituztela. Suitzarrak behin baino gehiagotan izan dira Euskal Herrian, Seguran ere egin zen Europako Txapelketa orain dela hamar urte, baina askok aurreneko aldiz ikusiko dute honelako lehiaketa bat, eta antolatzaileek garbi utzi dute ez dela kirol ekitaldi bat soilik, hortik harago doala.

Aurten, gainera, aurreneko aldiz jokatuko da gaztetxoen nazioarteko torneoa, eta horrek ere garrantzi handia izango du. Etzi izango da hori, eta etorkizunari begira oso garrantzitsua izango da. Nazioartean askotan ikusten dira umeak segan, eta Euskal Herrian ere arlo horretan lan asko egiten ari dira. Euskal Herriko Ligako azkeneko jardunaldian aritu ziren Tolosan, eta beste hainbat herrietako jaien barruan ere izan dute horretarako aukera. Larunbatean beste herrialdetakoen aurka aurreneko aldiz lehiatzeko eta gozatzeko aukera izango dute.

 

Suitza eta Austria dira faboritoak

Azken urte hauetako txapelketak kontuan hartuta, Suitza eta Austria dira faboritoak, bai mutiletan, eta baita nesketan ere. Azkeneko txapelketan, suitzarrek osatu zuten podiuma mutiletan. Armin Betschart izan zen nagusi, eta bere atzetik sartu ziren Stefan Luond eta Martin Frischknecht. Bixente Mitxelena izan zen Euskal Herriko aurrenekoa, seigarren postuarekin.

Nesketan austriar bat izan zen txapeldun, Margrit Steinmann, baina atzekoak suitzarrak izan ziren, Regula Frehner eta Margrit Fohn. Izenok agertzen dira bi mailetan txapela lortzeko faborito nagusi bezala, baina badira beste batzuk ere, tartean euskal segalariak ere bai. Bixente Mitxelena bera, esaterako, orain dela hamar urte Seguran jokatu zen Europako Txapelketan Euskal Herria ordezkatu zuenetatik geratzen den bakarra. Jexuxmari Goenaga ere kontuan hartu beharko da, baita Esloveniako edo Hego Tiroleko segalariak ere. J.L.

Honi buruzko guztia: Sega