2015 IRA. 25 JO PUNTUA Alternatiben Herria Gotzon Elizburu Kazetaria Euskal Herrian esperientzia eta kapital sozial ikaragarria dugu herrigintzaren bidezidorretan. Hasi euskalgintzatik eta hezkuntza sistema propioaren aldeko mugimendura. Feminismotik jarraitu eta langile borroka anitzetara. Borroka antimilitaristatik, bizi baldintza duinen aldeko lanera. Kalean eta instituzioetan. Baita sarri ahazten badugu ere, kooperatibagintzan eta dozenaka modutako elkarteetan ere. Sarri bide bakarrari ematen diogu garrantzia edo lehentasuna, bakoitzak herren egiten duen aldera joz, gainontzeko bide edo borrokak gutxietsiz. Alta, herrigintzaren bidean guztiak dira baliagarri eta guztiak dira seguruenik amesten dugun bestelako Euskal Herria eraikitzeko bidezidor. Euskal Estatuaz mintzo gara zein baliotan eraikia beharko lukeen, ze helburu bete beharko lituzkeen bere herritarrei begira. Eta sarri aipatu ohi dugu ez dugula zapaldu gaituzten estatuen antzeko egitura superzentralizaturik nahi. Herritarren borondatean oinarrituta, aniztasuna kudeatuko duen Estatua nahi dugula, demokrazia erradikala eta komunitatea oinarri izango dituena. Norabide horretan, azken urteetan gero eta gehiago lantzen ari den kontzeptua da «ekonomia sozial eraldatzailea». Herrigintzarako imajinario berria eta aukeren abaniko zabala eskaintzen duen paradigma. Sare berriak eraikitzeko aukera ematen duten proiektuak, demokrazia ekonomikoa eta soziala oinarri-ipar, miseriara ekarri gaituen eredu kapitalistaren alternatiba gisa. Jarduera ekonomikoaren eredu berri horiek Euskal Herriko eremu batzuetan errotuta dagoen kooperatibagintzatik eta herrigintzako dinamiketatik elikatzen dira besteak beste, ekonomia eredu deszentralizatu baina era berean komunitarioa garatuz. Gehiago jakin nahi baduzue Olatukoop sarearen orrian (http://ttiki.com/341623) duzue informazioa. Urriaren 24an Bilbon egingo den Alternatiben Herrian halako hamaika esperientzia ezagutu eta saretzeko aukera aparta izango da. Orrialde honetan (http://ttiki.com/341622) diruz edo eskulanez lagundu dezakezue proiektua. Azken urteetan gero eta gehiago lantzen ari den kontzeptua da «ekonomia sozial eraldatzailea». Herrigintzarako imajinario berria eta aukeren abaniko zabala eskaintzen duen paradigma