2015 URR. 17 Lasto altxatzea Tubiri itzal egingo dion inor ez da ageri J.L. Tubiri itzal egingo dion inor ere ez da agertzen lasto fardoak altxatzen; izan ere, bizkaitarrak eskuratu du beste behin ere kirol honetako Euskal Herriko txapela. Erraz bereganatu zuen, gainera, hiru jasoaldiko aldea atera baitzion bigarren geratu zenari. Kirol honetan, 45 kiloko lasto fardoa zazpi metrora altxatu behar izaten dute, eta bi minutuko txanda batean ahalik eta jasoaldi gehien ematea izaten da helburua. Gehien lortzen dituenak irabazten du. Tubik guztira 24 jasoaldi lortu zituen. Bigarren postuan Otermin sailkatu zen, eta berak 21 jasoaldi egin zituen. Podiuma, Van der Puttenek osatu zuen, eta lapurtarrak ere 21 jaso zituen, baina azkenekoa emateko segundo bat gehiago behar izan zuen, eta horregatik sailkatu zen hirugarren. Atzetik, Lauzirika (20), Ituarte (19), Ardeo (18), Argaia (18) eta Loiola sailkatu ziren. Azken honek ezin izan zuen bere lana amaitu. Guztira kirol honetan bederatzi Euskal Herriko Txapelketa jokatu dira, eta horietako sei irabazi ditu Tubik, lasto-altxatzean nagusi bihurtuz.