GARA Euskal Herriko egunkaria

Muruetak marka handia eginez lortu du txapela


Piratak taldeko Muruetak irabazi zuen atzo Ereñon jokatu zen Euskal Herriko Buruz Buruko Harri-zulatzeko Txapelketako finala. Hogei minutuko lana egin behar izan zuen kirolari bakoitzak, eta tarte horretan ahalik eta zulorik gehien egitea zen helburua. Piratak taldea izan zen, gainera, finaleko talderik onena. Bi kirolari aurkeztu zituen, eta biak podiumean sartu zituen, lehen postua eskuratzeaz gain, hirugarren postua ere eurentzat izan baitzen.

Muruetak, gainera, sekulako lana egin zuen, marka ere bikaina egin baitzuen. Zazpi zulo eta hamabi zentimetro egin zituen, eta bigarren postuan sailkatu zen Lasori zulo bat eta zentimetro bat pasako tartea kendu zion.

Borroka askoz ere handiagoa izan zen hirugarren posturako, izan ere, Zubiagak ere oso lan ona egin zuen, eta berak ere sei zuloko langa hori pasa egin zuen, guztira, sei zulo eta zortzi zentimetro egin zituen. Bi zentimetro eskasegatik ez zituen Piratak taldeak bi kirolariak lehen postuetan sartu. Laugarren posturako ere gauzak estu izan ziren, zentimetro gutxi batzuek erabaki baitzuten postua. Hidalgok eskuratu zuen laugarren postua, bost zulo eta bederatzi zentimetro zulatuta. Bosgarren postua, berriz, Ruifrancosentzat izan zen, eta berak, bost zulo eta bederatzi zentimetroko marka egin zuen.

Seigarren posturako ere lehia oso gogorra izan zen. Duranek lortu zuen azkenean seigarren postu hori, lau zulo eta hamaika zentimetroko marka eginda. Zazpigarren amaitu zuen Borjak, lau zuloko markarekin. Azkenengoa, berriz, Casillas geratu zen, eta berak hiru zulo eta hamar zentimetroko marka egin zuen. Horrenbestez, aurrenekotik azkenekora lau zulo eta  bi zentimetroko tartea egon zen. Finala ikusteko ere jendeak erantzun ona eman zuen.