2015 URR. 26 Desafioa Joxemari Olasagasti Aitzol Atutxarekin apustua jokatzeko prest agertu da J. L. Joxemari Olasagasti apusturako prest dago, eta bota du desafioa. Bi aste dira Euskal Herriko Lehen Milako finala jokatu zela, eta denak igeldotarrak Aitzol Atutxa txapeldunari botako zion desafioaren zain zeuden, eta Joxemarik bota dio. Igeldoko aizkolari beteranoak bi aukera ematen dizkio egungo Euskal Herriko txapeldunari. Alde batetik erdi aukeran jokatzeko prest legoke, lana gero aukeratzekotan, edo bestela hamabi oinbikora jokatzeko ere prest legoke igeldotarra. Guzti horretaz hitz egiteko Joxemari Olasagasti datorren azaroaren 11n Tolosako Kantabriko tabernan egongo da 19.00etatik 20.00etara. Apustua urtarrilaren amaieran edo otsailaren hasieran jokatzeko prest egongo omen litzateke. Baina hor ez da bukatzen Olasagastiren desafioa, izan ere, 20.00etarako Atutxa agertuko ez balitz, eta beste norbaitek jokatu nahiko balioke, bera prest legoke besteren batekin jokatzeko ere. Ez da Olasagastik egun berean bi apustu adosten dituen aurreneko aldia, eta azaroaren 11n ere gauza bera gerta daiteke. Olasagasti eta Atutxa pasa den urtean ere batu ziren, baina orduan ez ziren ados jarri, eta orduan apusturik jokatu gabe geratu ziren. Zaleek, baina, Atutxa apustu baten ikusi nahi dute. Hau izan daiteke aukera.