2015 AZA. 25 Akuilari, Behatokiak sortu duen aplikazio berria GARA DONOSTIA Hizkuntz Eskubideen Behatokiak kudeatzen duen Euskararen Telefonoa zerbitzuak jauzi berria eman eta eskuko telefonoetarako aplikazioa jarriko du erabiltzaileen eskura. Akuilari aplikazioa Android eta iOS sistema eragileak dituzten gailuetarako prestatuta dago eta horien aplikazioetarako dendetatik doan jaits daiteke, ohar baten bidez iragarri zutenez. Horren bitartez, «herritarrek azkarrago eta erosoago helarazi ahal izango dizkiote Behatokiari hizkuntza-eskubideei lotutako kexak eta zoriontzeak», azaldu zuten. Erabiltzaileak bertan ikusi ahal izango ditu, halaber, Behatokiari helarazitako kexa eta zoriontze guztiak. «Euskaraz bizitzeko hautua egin duten pertsonak egunerokoan aurkitzen dituzten oztopoak gainditzen saiatzen dira, zailtasunei aurre egiteko prest daude eta saiatzen dira egoera hori hobetzeko zerbait egiten. Horretan lagunduko dien elkartasun eta babes eske jotzen du Behatokira», adierazi zuen Garbiñe Petriati zuzendariak. «Herritarren duintasunak eta jarrerak hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen neurriak hartzea, urratsak egitea eta hizkuntza-portaeretan aldaketak sustatzen dituzte. Errealitatea aldatzea lortzen dute. Kontzienteki egindako praktikak emaitzak ematen ditu», gehitu zuen Petriatik.