GARA Euskal Herriko egunkaria

Prestatu plan bat erortzen zarenerako


Tom Morey, bodyboardaren aitak hitz egiten duenean entzutea komeni da, tontakeria askoren artean, erdi ezkutuan, enkriptatua edo, kontuan hartzeko aholkuak ematen baititu, eta beti, pentsarazten duten esaldiak dira bereak. Berak, ez du bodyboard hitza maite, boogieboardingaren aita dela aitortzen du, baina hori bakarrik ez, Morey artista bat da; abeslaria, margolaria, sortzailea, ulertzen batere erraza ez den morroi horietako bat. Ezin jakin gainerakoen gainetik dagoen edo zertaz ari den ere ez dakien. Aurreratuegi dago, edo non dagoen ere ez daki?

“Surfertoday” aldizkariko kazetari batek surfaren hamar mandamentuak idazteko eskatu zionean hamahiru idatzi zituen. Gehienak minik hartu gabe eta besteei enbarazu egin gabe surfean aritzeko gomendioak ziren, baina aurrez, sarrera gisa Moreyk surflaria ohartarazten zuen: «Ez pentsa urautsian guztiok berdinak garenik, Surfa ez da inondik inora demokratikoa».

“Erregeen kirola” nobleziaren arauekin lotzen du Moreyk, paradoxikoki, araurik ez duen ekintza bat denez, ohiko kirol gisa sailkatzea ekidin behar dela badio ere. Bere esanetan, «ariketa fisikoa egiten da, baina batez ere sorkuntza lantzen da, ez da legerik, ezta denbora eta espazio mugarik ere, hortaz ez da kirol bat». Eskubideen diskurtsoak ez du lekurik urautsian, «behar bezain ona ez bazara, zu baino hobeak direnek, edo hobeak direla uste dutenek zapalduko zaituzte, beraz ez negarrik egin, irabazi zure lekua urautsian eta sortu zure arte propioa».

Zinez interesgarria iruditzen zait Mooreyk duen hitz egiteko modua, iritziak baino egintzak aipatzen ditu eta hori beti da polemikoa usteak eta errealitatea bereizteko gai ez den dimentsio bakarreko jendartearentzat. Badirudi norbaitek zerbait esan orduko harekin ados gauden edo ez azaldu behar dugula, eta gauzak ez dira horrela, izan ere, errealitatearen aurrean ezer gutxi axola du gure iritziak; «olatu bati bost axola zaio zer pentsatzen dugun».

Horregatik komeni da badaezpada ere bigarren plan bat izatea. Tom Moreyren zortzigarren mandamentuak dioen moduan, «Erori baino lehenago –esan nahi da olatu batean, negozioetan edo bikote harremanetan– plan bat izan behar duzu aurrez ongi prestatua».