2015 ABEN. 16 «La llama» disko bikoitzak «nazioarteko mapan» jarriko du Usandizaga konpositorea Jose Maria Usandizagaren heriotzaren urteurrenean, EOSek konpositore donostiarrak egin zuen azken obraren zuzeneko grabazioa osatu eta «La llama» disko bikoitzean argitaratu du. GARA DONOSTIA Jose Maria Usandizagaren heriotza ren ehungarren urteurreneko ospakizunei “La llama” disko bikoitzarekin emango die amaiera Euskadiko Orkestra Sinfonikoak. Argitalpen honetan konpositore donostiarrak idatzi zuen azken opera interpretatu eta grabatu du EOSek eta, orkestraren zuzendari Oriol Roch-en esanetan, opera hori zein Usandizaga «nazioarteko diskografiaren mapan jartzen ditu, merezi duten bezala». Izan ere, obra Deutsche Grammophon zigilu ezagunarekin argitaratu dute. Opera aurtengo martxoan berreskuratu zuten eta orduan kontzertu formatuan eskainitako emanaldietan egin zituzten grabaketak. Diskoa osatzeko Bilboko Euskaldunan egindako emanaldiko zenbait pasarte erabili badira ere, nagusiki martxoaren 20 eta 21ean Donostiako Kursaalen eskainitakoak erabili dituztela ziurtatu zuen Rochek. Muntaiaren gidaritza lanetan Juan Jose Ocon aritu da. “La llama”-ren partitura berriro osatzeko «lan nekezaz» ere bera arduratu da, lehen pentagramak ere falta baitzituen. Usandizaga 1915ean zendu zen, 27 urte zituela, eta jada oso gaixorik zegoenean idatzi zuen opera hau, ohetik bertatik. Obra soilik Donostian eta Madrilen eskaini zuten 1918an eta geroago, 1932an, Bartzelonan. EOSek partiturak berreskuratu eta osatzeko proiektua abiatu zuen orain lau urte eta, Roch-en hitzetan, denbora horretan zeregin hori «oinarrizkoa» izan da sinfonikarentzat. Rochen hitzetan, horregatik hautatu dute nazioarteko zigilua, lanari oihartzuna emateko.