2015 ABEN. 30 Dokumental bete nota, urtarrilaren 9an hasiko da Dock of the Bay jaialdia Bederatzigarrenez abiatuko da urtarrilaren 9an Dock of the Bay, Donostiako musika dokumentalen jaialdia. Lehiara bederatzi film, eta beste sei lehiaz kanpo. Izenen artean, The Police, Janis Joplin edo Nina Simone. Elliot Murphyren inguruan ere aurkeztuko da lan bat, eta zuzeneko kontzertua ere eskainiko du hilaren 13an Trueba zineman. Ariane KAMIO DONOSTIA Zinemaren eta musikaren zaleen talde batek bultzatuta sortu zen Dock of the Bay 2007an, zinema erakusketa gisa. Jaialdia haziz joan da eta gaur egun 10.000 ikusle baino gehiago ditu. Aurtengoan, jauzi kualitatiboa emango du hitzorduak. Estatuko eta nazioarteko bederatzi film programatu ditu lehiaketarako eta sei film, erakusketarako. Trueba zinemetan eta Antzoki Zaharrean ikusi ahal izango dira denak. Horietatik bost, gainera, estreinaldiak izango dira Euskal Herrian eta Estatuan. Palmareserako lehian arituko diren lanen artean da “We Like It Like That. The Story of Latin Boogaloo” (urtarrilak 9), Mathew Ramirez Warrenek 60ko hamarkadako New Yorkeko soinu hispaniar eta urbanoa izan zen boogalooari buruz osatutako lana. “Mavis!” (urtarrilak 11), Jessica Edwardsek zuzendutakoak, agertokietatik jaisteari uko egiten dion 75 urteko abeslaria du hizpide. Joan Capdevilak “Rumba Tres, de ida y vuelta” lana aurkeztuko du urtarrilaren 12an, izen bera daraman taldea gogora ekarriz. Egun berean, “Don’t Think I’ve Frogotten. Cambodia’s Lost Rock & Roll” filma eskainiko da, 60 eta 70eko hamarkadetan Kanbodian sortu zen musikaren agertoki berriari buruzkoa. Beatriz Echeverriak Iruñera eramango du Dock of the Bay hilaren 13an “Sonido Pamplona” lanarekin, tokiko taldeengan oinarrituz. Egun berean, gaueko 22.00etan, “The Second Act of Elliot Murphy” dokumentala emango da Trueba zinemetan eta ikuskizunaren ondoren, musikari estatubatuarrak zuzenekoa eskainiko du filmeko ikusleen aurrean. “La muerte en La Alcarria” (urtarrilak 14) da Fernando Pomaresen azkena: western musikala Los Hermanos Cubero musikariekin, beren sorterrian barrena. Egun berean, “Orion: The Man Who Would Be King” lana eskainiko da, Jimmy Ellis pertsonaiaren ingurukoa. Lehia Janus Koster-Rasmussenek itxiko du “Cool Cats” dokumentalarekin, Ben Webster eta Dexter Gordon jazz izarren inguruan sortutako filma. Bederatzi lanak hiru saritarako lehiatuko dira: musika dokumentalik onenaren saria, Sade saria eta publikoaren saria. Irabazleen zerrenda urtarrilaren 15ean jakinaraziko da eta sari banaketa 16an egingo da. Lehiaz kanpo Lehiaz kanpo, nazioarteko hainbat jaialditan aurkeztu diren lanak ekarriko ditu Dock of the Bayk Donostiara. The Police taldeak arrakasta lortzeko egindako bidea azaltzen du Andy Grievek “Can’t Stand Losing You” filmak eta The Jam taldeko hiru kideez arituko da Bob Smeaton “The Jam. About de Young Idea” lanean. Janis Joplini buruzko dokumentala ere errekuperatu du Donostiako jaialdiak –“Janis: Little Girl Blue”– eta Nina Simoneri buruz Jeff L. Liebermanek egindako dokumentala ere eskainiko da. David Truebaren azkena, “Salir de casa”, Fran Nixonekin egindako obra eta 1979-1989 arteko Berlingo musikaren biziberritzea ere ikusi ahal izango da “B-Movie”-rekin. Filmez gain, eskaintza are zabaldu du jaialdiak. Gazteei eskainitako Ikusle Berriak saioa egingo da hilaren 15ean Javier Poloren “Europa en 8 Bits” filmaren emanaldiarekin eta kontzertuak ere egitarauaren barruan sartu dira, Elliot Murphy bera eta Fran Nixon tartean direlarik. Sarrera salmenta abian da jaialdiaren web orrialdean eta zinemetako leihatiletan. PARALELOAKEkintza paraleloen barruan, «Elefantes rosas» lana aurkeztuko du Dock of the Bayk. Erakusketa bat ere zabalduko da Egiako Kultur Etxean eta «Egiazoren narratibak» zinema jarduerak antolatu dira.