2015 ABEN. 30 JO PUNTUA «Goenkale» amaitu da, baina Bogak zutik dirau Xabier Izaga Kazetaria Aitortu beharra daukat ez naizela “Goenkale” telesailaren jarraitzaile fidelegia izan. Hainbat urtetan hartarako aukerarik izan ez nuelako. Ondoren, kausa bat edo beste tarteko, lantzean behin baino ez dut ikusi izan. Baina beti iruditu zait, nola esan, «produktu duina» –baldin produktu batean duintasunik badago–, are gehiago hainbat telebista kate (pisu)etan ikusgai daudenen aldean, eta, euskararen tratamenduari dagokionez, eredugarria. Astelehenean azken atala ikusi genuen etxean. Harakoan, lagun batekin topo egin eta gure asmoaren berri jakinarazi genion. Berak ere ikusteko asmoa zuela esan zigun. Izan ere, Arantza ni baino jarraitzaile nekaezinagoa izan da. «Nola ez, ba», telesaila hasi zenetik ikusi izan du eta. Hasieran, 1994an, alabatxo jaioberria sehaskan loak hartuta laga ostean, telebistaren aurrean esertzen zen “Goenkale” ikusi eta belarri batetik entzuteko, bestea aldameneko gelako soinuak sumatzeko gordeta. Eta gogoan, mutil-laguna, espetxe urrun batean zena. “Goenkale”-ren ibilbide luzea bukatu da. Arantzaren alabak 21 urte ditu eta Euskal Ikasketak egiten ditu (bere aitak karrera hori ikasi zuenean Euskal Filologia esaten zitzaion). Luze gabe telesail bateko gidoilari izan liteke, batek daki. Amaitu da “Goenkale” eta Maiderrek kartzela urrunetan baino ez du aita ikusi, oraindik morroilopean jarraitzen du eta. Urrun eta bizi baldintza latzetan. Justizia esaten diote batzuek; esate baterako, atzo bertan biktima guztiak parekatzen dituen Nafarroako foru legearen aurkako helegitea aurkeztuko dutela iragarri zutenek, edo gerra zikina sostengatu zuten alderdietako hainbat kidek, espetxerik zapaldu ere egin ez dutenek. “Goenkale”-k adio esan du, happy end eta guzti, halako herri harresi batekin eta esperantza mezu bat utzita: Boga taberna zutik. Eta zutik jarraitu beharra dago, inoiz baino sendoago, sokatik tiratu eta harriak mugitzeko. Amaitu da «Goenkale» eta Maiderrek kartzela urrunetan baino ez du aita ikusi, oraindik morroilopean