GARA Euskal Herriko egunkaria

Naturgasen kontrako sententzia eman du ANk


Auzitegi Nazionalak bidegabetzat jo du Naturgas Energia enpresak langileei ezarritako lan baldintzen aldaketa substantziala, ELA sindikatuak atzo jakinarazi zuenez.

Sindikatuak enpresaren aldebakarreko erabaki bat izan zela salatzen du eta, azaltzen duenez, Auzitegi Nazionalak «enpresaren erabakia justifikatzen duen kausa tekniko, produktibo eta organizatiboen akreditazio falta» aipatzen du sindikatuen salaketa kontuan hartzeko garaian. Langileen eta zerbitzu juridikoen lanak aldaketak indarrik gabe uztea lortu dutela nabarmentzen du. Epaiak dioenez, enpresak «urratutako lan eskubideak» itzuli beharko dizkie langileei.

Bestalde, Naturgas Energia Lakuako Gobernuaren erabakiz pribatizatu zela ohartarazten du eta Gobernuak gas zerbitzua publikoki bermatu beharko lukeela aldarrikatzen du.