2016 URT. 06 JO PUNTUA Probokazioaren zioak Mikel Aramendi Kazetaria Saudi Arabiak Urteberri gregoriarra «ospatzeko» egin duen hilketa kolektiboa probokazio hutsa izan dela ez du ia inork ukatzen. Horrelako «exekuzio» kolektiboak ez du aurrekaririk inon azkeneko hamarkadetan, gerra egoeretan ez dela. Baina metodoez eta kopuruaz harago, Nimr al-Nimr buruzagi xiita, munduko edozein lekutan kontzientzia-preso kualifikatutzat hartu beharko litzakeena, ere tartean hil izanak ezartzen dio iparrorratza probokazioari. Inork ez baitu zalantzan ipintzen ageriko jopuntua baduela probokazioak. Arabiar Penintsulako xiitak lehenik, eskualde eta mundu osokoak ondoren, erasanda eta irainduta sentituko direla, alegia; eta protesta egingo dutela gogotik. Eta horixe gertatu da. (Beste horrenbeste gertatu behar luke Mendebaldean giza eskubideen intsentsu ontzia etengabe dantzatzen dutenekin eta, oso bereziki, Udaberri Arabiarra goretsi zuten guztiekin; baina ezin geratuko gara horrelako koherentziaren zain). Iragana gogoan duen edonork, ordea, badaki mundu xiita horrek neurrian erantzungo diola probokazioari. Hau da, erretolikak erretolika, haren lehentasunak –Irak, Siria, Yemen– eta estrategiak ez direla aldatuko hilketa horregatik. Azken hilabeteetan Arabia Ekialdeko hainbat meskita xiitaren aurka egindako atentatu ikaragarriekin aldatu ez diren bezala. Zertara dator, orduan, krudelkeria hau, Iran eta haren aliatuen jokabidea aldarazteko gai izango ez bada? Berriro ere, Saud familiaren barnera begiratu behar genuke, agian. Saudi Arabiako Barne Ministerioa (sarraskiaren antolatzailea eta egile zuzena) Naief adarraren mendeko esparrua da aspalditik. Muhammad bin Naief (MBN) egungo Barne ministroa –erreformista omen!– lehen erregeordea da aldi berean, bere gusu Muhammad bin Salman (MBS), Defentsa ministroa, bigarren erregeordea eta atzerriko operazioen (Yemen, Siria...) kudeatzaile gorena denarekin lehian. Honen aliantza operazio xelebreak izango dira odol putzuan itoko diren lehenak. Iragana gogoan duen edonork badaki mundu xiita horrek neurrian erantzungo diola probokazioari. Hau da, erretolikak erretolika, haren lehentasunak –Irak, Siria, Yemen– eta estrategiak ez direla aldatuko hilketa horregatik