2016 URT. 18 Elkarrizketa AINARA ORTEGA MUSIKARIA ETA ANTZEZLEA «Disko hau nire erretratua dela esan didate eta hala da; hor daude Ainara guztiak» Hamabost urteko ibilbidea egin eta musikari handiekin batera hainbat diskotan parte hartu ostean kaleratu du Ainara Ortegak bere bakarkako lehen lana, «Scat». «Uste nuen ezetz, baina orain ohartzen naiz behar nuela», baieztatu du abeslari eta biolin-jotzaile hernaniarrak. Diskoa bere «ni» ezberdinez osatua dagoela dio; «horregatik da horren nirea, horren anitza, horren pertsonala». Azken eguneraketa: 2016 URT. 18 - 06:20h –Amalur ARTOLA HERNANI Hainbat diskotan parte hartu baduzu ere, hamabost urte igaro dira zure bakarkako lehena kaleratzerako. Zergatik orain? Batzuetan zure buruari ez diozu behar adinako garrantzia ematen, ez zaizu iruditzen unea denik edo prest zaudenik... Eta musikaren alorrean ditudan erreferentziak horren handiak iruditzen zaizkidanez, pauso hori emateko ausardia ere behar nuela uste dut. Ze erreferentzia dira horiek? Uf, askotxo... Zuk etxean Duke Ellington, Ella Fitzgerald edo, musika klasikoan, Xostakovitx entzuten badituzu, lan xumeagoa egiteko ausardia behar duzu. Musika sortzean, adibidez, nik argi nuen kanta bat euskaraz egin nahi nuela; erreferentzia bezala Xabier Lete edo Imanol etorri zitzaizkidan, eta pentsatu nuen nola hasiko nintzen ni beraiek utzitako arrastoei segika... Eta, hain justu, hori da euskaraz egin dudan abestiaren gaia: arrasto horiei nola segitu. Uste dut umiltasunean dagoela gauzarik handiena. Noiz eta nola hartu zenuen bakarkako diskoa ateratzeko erabakia? Vaiven ekoiztetxeari esker izan zen. Iñaki Salvador eta Ana Pimentak beti esaten zidaten “Ainara, baduzu diskoa ateratzeko garaia”, baina nik ez nuen hala ikusten. Atera ostean soilik konturatu naiz merezi izan duela, bai niretzat bai nire burua erakusleiho batean jartzeko ere. Diskoaren azalak eta izenak berak, «Scat», aurreratzen du ezer diskoaren edukiaz. Argi zenuen jazza izango zela diskoari batasuna emango ziona? Jazz disko ia topiko bat egin nahi nuen, baina egia da emaitzak harritu nauela, “ni” ezberdinak atera zaizkidalako, estilo ezberdinetan... Scat-a musikalki inprobisatzeko egiten diren hitz-joko horiek dira eta, niri, beti scat horren bueltan nabilela esaten didate. Diskoaren izenburua pentsatzen, konturatu nintzen gurean ez dela hitz ezaguna, eta motza da gainera, zigilu txiki baten modukoa. Agian scat-ak definitzen zaitu? Agian, bai. Uste baino gehiago agian (barreak). Batzuetan scat-etik ihesi ere ibili izan naiz, baina ni momentu honetan hori naizela sentitzen dut. Hamar abesti ekarri dituzu diskora. Erraz hautatu dituzu? Askotan egin ditut diskoa eginez gero sartuko nituzkeen kantuen zerrendak. Egin, eta gero hautsi. Diskoa egiteko diru-laguntza txiki bat jaso genuen, eta horrek abendurako diskoa amaitzera derrigortzen gintuenez, sailean- sailean atera zitzaizkidan, duda handirik gabe. Denborak estutzen zaituenean... Egia da euskal kanturako eta gaztelerarako hutsuneak utzi nituela, ariketa bezala euskarazko eta gaztelaniazko abesti bana neronek egin nahi nituelako. Azken kantuan, “Scat”, kronologikoki jazzaren historiari jarraitu diot eta niri zentzua ematen didaten lau pieza hautatu ditut pot-pourri antzeko bat osatzeko: New Orleanseko pieza tradizional bat, Billie Holidayren “All of me”, etxean zinta zahar batean etengabe entzuten nuen Ella Fitzgerald eta Louis Armstrongen “Stompin’ At the Savoy” eta, azkena, Charlie Parkerren “Confirmation”, 1950ekoa, Musikeneko sarrera proban kantatu nuena. Oso pertsonala, beraz. Bai, agian, entzunda inork ez du antzemango baina... niretzat egindako piezatxo bat da. Zuk sortutako abestiak dira «Izarren hautsa balitza» eta «Señor Ménière conoce a Endolinfa». Oso ezberdinak biak... Xabier Lete, Mikel Laboa, Imanol eta handi horiek falta ditugun honetan, zeri jarraitu behar diogun edo gure ardura horiei jarraitzea ote den galdetu diot nire buruari euskarazko abestian. Hutsune hori nola bete eta haiek utzitako horri ze forma eman behar diogun, nolabait. Hizkuntza poetikoa erabiliz, esplizitua izan gabe, gai hori tratatu nahi nuen eta jendeak ulertu duela dirudi. Gaztelerazkoa musikalki jazz tradizionaletik gertuago dago eta testua autobiografikoa da. Nik, musikari askok bezala, entzumenarekin arazo handia dut: Meniere izeneko sindromea dugunok eguneko 24 orduetan kristoren zaratak entzuten ditugu eta entzumena nahiko urritua dugu. Sindromeak berez dituen berezitasun patologikoen izenekin –hipoakusia, akufenoa, endolinfa...– jolastu eta Meniere eta Endolinfaren arteko maitasun istorioa osatu nuen. Nire buruarekin terapia egiteko modu bat izan dela uste dut. Meniere sindromeak nola baldintzatzen du zure jarduna? Estresak eta egoera animikoak, onerako eta txarrerako, asko baldintzatzen dute eta hasieran entsegu batzuetan bertigoak izan nituen, lurrera erori nintzen... Horregatik diot, letran, kaleak eta farolak dantzan ari direla, benetan dantzan ari zena ni nintzen arren. Batzuetan, pianoa entzute hutsak sastatzen dizu belarria. Amaia Zubiriarekin grabatu duzu «Zure tristura». Kolaborazio berezia izan da zuretzat. Bai, oso berezia. Amaia beti izan da erreferentzia handia niretzat, profesional handia da eta proposatu egin nion. “Zure tristura” askotan kantatu izan dut Iñakirekin [Salvador]; kantatu behar izango ez banu, negarrez entzungo nukeen abesti bat da. Ikaragarria iruditzen zait esaten duena, esateko duen modu misteriotsu hori, zenbat interpretazio izan ditzakeen... eta abesti horrek Imanol eta Xabier Lete batzen ditu, biena da. Hori Amaiarekin kantatzea ikaragarria izan da. Ikaragarria da ere diskoan bildu dituzun musikarien zerrenda: Salvador bera, Hasier Oleaga, Javier Mayor, Mikel Andueza, Baptiste Techer... Ikaragarriak dira, bai. Gabonetan elkarri mezuak bidaltzen aritu gara eta nik esan diet ez nuela sekula pentsatuko beraiek bezalako musikariekin diskorik aterako nuenik. Loteria tokatu zaidala esan diet. Ibilbideak eraman nau horretara; zuk bide bati ekin eta indarra jartzen baduzu, azkenean gauzak ailegatu egiten dira. Etorri egiten zaizkizu. Guk Musikenen ezagutu genuen elkar, batzuk ikasle eta besteak irakasle, eta familia eder bat gara. Oso ederra. «Con la música no se juega» abestian Chopinen nokturno batekin ausartu zara... (Barreak) Azal lodia daukat, bai. A ze gauzak... Betidanik entzun izan dut musika klasikoa, biolina ikasten ari nintzenean gutxiago, nazka handia niolako, baina orain ikaragarri maite dut. Batzuetan, musika hori ez dela gurea sentitzen dugu, beste batzuek dutela horren ardura eta jabetza eta gu beti ikasleak garela. Ez da hala, musika mundu guztiarena da. Nik hesi hori saltatu nahi nuen. Letra hori horregatik asmatu nion, autobiografikoa da, hitzez hitz. Hitzez hitz? Irakasleak biolin ikasleari ez duela musikarako balio eta bestelako perla ederrak esaten dizkio... Bai bai, ez zizkidan denak irakasle berak esan, baina egiazkoa da. Eta motz geratu naiz agian. Batek ea eskoletara txandalean zergatik joaten nintzen esaten zidan... Petralkeriak. Letra hori egin nion hori kontatu nahi nuelako eta, musikalki, klasikotik abiatu arren, abestia nire egin behar nuen. Chopinen pieza bat nire egiteko era onena sanba bilakatzea zela erabaki nuen. Beldurra nuen, baina jendeari asko gustatu zaio nire bihurrikeria hori. Musikari asko identifikatuta ere sentituko ziren... Asko, bai. Hori polita izan da. Nik musika klasikoko lagun asko ditut eta haiek abestia gaizki hartuko ote zuten beldurra nuen. Nik neuk ere nire burua musika klasikoaren barnean identifikatzen dut, nahiz eta nire egunerokotasunean ez egon, eta kontserbatorioetako irakasle batzuek esan didate euren ikasleei jartzen dietela pieza hori, zer egin daitekeen ikusteko, klasikotik sanbarako eraldaketa, ahots aldetik dauden aldeak... Eta, pentsa, nik pasatzen ari nintzela uste nuen! Zelako beldurrak ditugun batzuetan... Diru-laguntzetatik hasi eta azken xehetasuneraino kontrolatu duzu prozesua. Autoekoizpena nekeza da batzuetan. Oso, egia esan, oso agobiatua ibili naiz; batez ere, erabaki guztiak nik hartu behar hori egin zait gogorra. Eskerrak Vaivenekoak ondoan nituela, euskarri handia izan dira niretzat. Aurreko batean ahizpari esaten nion hurrengoan ez dakidala azkeneko kortxearaino nik idatziko dudan diskoa, baina gero, emaitza ikustean, “hau benetan nirea da” esan dezakezu. Eta hori gauza handia da. Lehen aipatzen zenuen zure «ni» horiek denak diskoan biltzea lortu duzu, beraz. Hor daude, bai. Lagun aktore batek esaten zidan nire autorretratua dela disko hau, ezagutzen nautenek berehala antzemango dutela Ainara guztiak hor daudela. Denok ditugu “ni” ezberdinak, familiakoa, lagunartekoa, bakardadean gaudenekoa... eta, diskoa entzundakoan, jabetu nintzen hor zeudela denak. Autorretratu polita dela uste dut. Horregatik irteten naiz ni azalean, nire aurpegia karteletan ikusteak lotsatzen banau ere. Eta nola sentitzen zara orain, diskoa begiratzean? Agian, behar zenuen halako zerbait? Ba, nik uste nuen ezetz, baina orain konturatzen naiz baietz. Beti amestu izan dut Iñaki Salvador eta Mikel Anduezarekin diskoa egitea, 35 urte daramatelako honetan eta sekulako satisfazioa sentitzen dut. Almohada azpian sartuko nuke gauero. Segur aski etorriko da bigarrenik, eta segur aski ez du honen antzik izango, agian beste “ni” batzuk aterako zaizkidalako. Ni gehiago geratzen al zaizu ba! Bai, noski, asko samar gainera. Txori asko, kaiola horren txikirako, badakizu (barreak). Amets bat beteta, hurrengoa eraikitzen hasi behar da! Zure aurpegia telebistan ere ikusiko dugu aurki. “Eskamak kentzen” telesailean, ETB1en. Mutrikuko eskabetxearen gainekoa da, komedia bat. Antzerkian asko aritu naiz, baina telebistan ez eta esperientzia polita izan da, ezberdina. Elena Irureta, Barbara Goenaga, Loli Astoreka, Itziar Aizpuru eta abar ibili gara, eta badirudi bide onetik doala. Ikusiko da bide horrek ere zer ekartzen duen. «Konplexuak albo batera utzi eta ‘hau jazza da’ esan nahi izan dut» Estiloak estilo, «Scat» jazz disko bat dela baieztatu duzu, ia-ia aldarrikatzeraino. Txikitatik amestu izan dut jazza kantatzearekin, baita Iñaki Salvadorrekin disko bat argitaratzearekin ere, eta bizitzak, bueltan-bueltan, elementu guztiak parean jarri dizkit. Testuinguru batzuetan jazza oso guaya da. Beste batzuetan oso erabilia dagoen hitza dela iruditzen zait eta, azken batzuetan, jazz mota bakarra dagoela uste izan eta hori ez bazaigu gustatzen “niri ez zait jazza gustatzen” esatera iristen gara, jazza bat eta bakarra balitz bezala... Nik, konplexuak utzi eta “hau jazza da” esan nahi izan dut. Esan duzu bai, eta etiketen aurkako garaiotan gainera... Bai, agian horren aurkako iraultza egin nahiko dut, nork daki! (barreak). Emaitza ikusita, agian “Scat” ez da klasifikatzeko disko oso erraza, baina erraz entzuten da eta egia da jazzak markatzen duela. Hala ere, aitortuko dut disko-denda batera joan eta nirea jazz musikaren atalean ikusteak ilusioa egiten zidala.A.A. Zuk bide bati ekin eta indarra jartzen baduzu, azkenean gauzak ailegatu egiten dira. Musikari hauekin diskoa osatzea loteria tokatzearen parekoa izan da. Beti amestu izan dut Salvador eta Anduezarekin diskoa egitea. Almohada azpian sartuko nuke gauero.