2016 URT. 20 Korsikarren eskariak aztertzeko hiru lantalde eratuko dituzte Manuel Valls frantses Estatuko lehen ministroak Gilles Simeoni eta Jean-Guy Talamoni Korsikako ordezkariak hartu ditu Parisen. Korsikarren eskariei ezezkoa eman bazien ere, gai horiek aztertzeko hiru lantalde osatzeko konpromisoa hartu zuten bi aldeek. GARA PARIS Talamoni Korsikako Batzarreko presidenteak Valls bisitatu aurretik jakinarazi zuenez, «preso politikoentzat amnistia» eskatu behar zion frantses lehen ministroari bileran. «Frantzian ez dago preso politikorik, hemen ez baita inor atxilotzen bere iritzi edo konpromisoengatik. Beraz, ezin dugu amnistia prozesurik abian jarri», adierazi zuen agintariak. Hori bai, Vallsen ezezkoa ez zen erabatekoa izan, Korsikako presoak uhartera hurbiltzeko konpromisoa hartu baitzuen. Astelehen ilunabarrean hartu zituen lehen ministroak Simeoni Korsikako presidentea eta Talamoni Korsikako Batzarreko burua, abenduaren 13ko hauteskundeetan garaipena lortu baitzuten. Gauza bera egiten du gainerako eskualdeetan irabazten dutenekin ere. Bilera hasi aurretik Talamonik berak berotu zuen giroa, France Info irratian esan baitzuen «herrialde lagun batekin» akordio bat adostera zihoala: «Frantzia herrialde lagun bat da eta ez gatoz inor probokatzera. Korsikarrek ez dute botoa eman guk erabakitakoa Pariseko adierazpen histerikoek kinkan ipintzeko». Talamoniren arabera, gaur egungo gakoa da Korsikaren eta Parisen artean harreman baketsuak ezartzea: «Gure posizioa ez da frantsesen aurkakoa, geure nortasun propioaren aldekoa baizik. Beti izan gara nazio bat eta horrela segitu nahi dugu». Korsikeraren koofizialtasuna eskatzen dute uhartekoek. Vallsen iritziz, hori ez da onartzeko modukoa, hizkuntza hori menderatzen ez duten herritarren eskubideak bortxatuko liratekeelakoan: «Frantsesa da hizkuntz ofizial bakarra». Espekulazioaren fenomenoari aurre egiteko, korsikarrek proposatzen dute legea aldatzea, gutxienez bost urte uhartean bizitzen egin ez dutenek etxebizitza erosteko aukerarik izan ez dezaten. Vallsen ustez, hori egitea herritar guztien «berdintasuna» apurtzea izango litzateke. Gaur egun, frantses legediaren arabera, Korsika bi departamentutan zatituta dago eta bertakoek bakarra nahi dute. Korsikarrek ez zuten baiezkorik jaso, baina beren eskariak aztertzeko konpromisoa bai. Horretarako, Simeoni presidenteak azaldu duenez, hiru lantalde eratzea adostu dute. Korsikako eta Estatuko ordezkariek hartuko dute parte bertan. Vallsen jarrera ikusi ondoren, Simeonik «gure argudioen egokitasuna frogatu beharko dugu hemendik aurrera», esan zuen. «Ezinbestekotzat jotzen ditugun neurriak ahalbidetzeko Konstituzioa aldatzea beharrezkoa dela erakutsi beharko dugu».