2016 URT. 25 Edukiontziak itzuliko dira Legazpi eta Aretxabaletako kaleetara Sistema mistoarekin batak eta atez atekoarekin besteak, hondakinen %80tik gora gaika biltzea lortu dute. Berriro ere edukiontziak jartzen dituztenean marka horri eutsiko dioten ala ez ikusi eta sistemen eraginkortasuna baloratu beharko dute udalek. GARA Legazpi Aretxabaletak eta Legazpik atzo erabaki zuten hondakinak biltzeko zein sistema nahiago duten, eta bi herrietan aukerarik bozkatuena edukiontzi bidezkoa izan zen. Legazpiarrei errefusa eta organikoa nola jasotzea nahi duten galdetu zieten, eta bi aukera zituzten erantzuteko: atez ate edo edukiontziak. Ez zioten inolako aukerarik eman orain arte erabili duten eta hain emaitza onak lortu dituen sistema mistoari –hau da, organikoa eta errefusa atez ate bildu, eta ontziak, beira eta papera edukiontzietan–. EAJko udal gobernuak argi utzi zuen Facebook bidez galdeketaren ostean sistema mistoa desagertu egingo zela; eta beraz, atez atekoaren aldeko emaitza aterako balitz edukiontziak kenduko lituzkete. EH Bilduk, aldiz, atez atekoaren aldeko botoa eskatu zuen, beraiek jarritako sistema mistoa bermatzeko bide bakarra hori dela iritzita; txintxilikarioak kentzen badituzte inoiz itzuliko ez direlakoan daude, baina alderantzizko bidea erraz egin daiteke. Bilketa sistema bat bestea baino hobea den, lortutako emaitzen arabera neurtzen da. Sistema mistoarekin hasi aurretik, Legazpin %30 besterik ez zen birziklatzen. Sistema mistoarekin hasi zirenean, tasa hori %82ra igo zen. Harro egoteko moduko portzentajea da, are gehiago kontuan izanik hainbat jendek ez zuela betetzen, Atez Atekoaren Kontrako Plataformak –2015eko maiatzaz geroztik EAJko alkatea den Koldobike Olabide bozeramaile zuela– iradokitako boikotari jarraitzen ziotelako, alegia, zaborra dena nahastuta uzten zutela txintxilikarioetan, edukiontzien gainean edota lurrean. 2015eko azken hilabeteetan, galdeketa prestatzen ari zirela, Udalak organikorako eta errefusa biltzeko edukiontziak jarri zituen, baina atez atekoarekin ere jarraitu zuen. Hemendik aurrera, Sasieta Mankomunitateak ematen dituen datuak aztertzeko modukoak izango dira, sistema aldatu ostean birziklapen tasa ere aldatzen ote den ikusteko. Debagoieneko egoera Debagoieneko Mankomunitatearen esku dago Aretxabaletako hondakinen bilketa. Hemen ere, Udalera iritsi den EAJko gobernuak auzitan jarri zuen orain arte emaitza onak eman dituen sistema, atez atekoa. Hala, aurrerantzean bost edukiontzi izango dituzte herriko kaleetan. Bergaran eta Eskoriatzan azaroan egin zituzten galdeketetan ere edukiontziak hautatu zituzten. EMAITZAKLegazpin 4.223 herritarrek bozkatu dute (biztanleen %60) eta botoen %69 jaso ditu edukiontzien aukerak. Atez atekoak, aldiz, %31. Aretxabaletan ere parte-hartzea ia %60koa izan da, eta edukiontzien aukera babestu dute %76k.