GARA Euskal Herriko egunkaria

Memoriaren Plazak beste fase bati ekingo dio otsailean Bilbon


Memoriaren Plaza ekimenak datorren otsailaren 1ean abiatuko du Bilbon bere bigarren fasea. Zehazki, Euskal Herriko herriak bisitatuko dituen erakusketa ibiltaria izango da, eta orain arte jaso dituzten testigantzak eskaini eta berriak bilduko dituzte. Helburua, «memoria anitza eta partekatua eraikitzea» da. Ekimenak eztabaidarako gunea ere izango du: emanaldi, hitzaldi, taldeko dinamika eta biktimen parte-hartzeak.

Bigarren fase honetako lehen geltokia Bilbo da. Areatzan gune bat jarriko dute, otsailaren 1etik 12ra bitartean, 09.00etatik 15.00era eta 17.00etatik 20.00etara.

Bertan testigantzak grabatzeko leku bat egongo da. Erakusketa ikustera gerturatzen direnek memoriari dagokionez beren testigantza eskain dezakete, ahotsa grabatuz edo idatziz. Halaber, lehenengo fasean grabatu ziren bideoak ikusteko gune bat egongo da.

Gunearen programazioa

Inaugurazioaren biharamunean, otsailaren 2an hain zuzen, mahai-inguru batean parte hartuko dute ETAren, indarkeria polizialaren eta frankismoaren biktima banak, arratsaldeko zazpietan. Otsailaren 4an, 18.00etan, solasaldia egongo da «biktimen eta gizartearen artean», Aintzane Ezenarro Elkarbizitzarako institutuaren zuzendariak adierazi zuenez.

Hilaren 9an eta 11n ere agenda itxita dago; 19.00etan, zinema-foruma egongo da. «Bar Aldana: explosión de silencio» eta «El valor de la autocrítica» eskainiko dira.

Dinamika hauetan parte hartzera DBH eta Batxilergoko ikasleak ere animatu nahi dituzte. Oraingoz, 600 ikasletik gora gerturatuko direla ziurtatuta daukate.