2016 OTS. 07 CIJB ERAKUNDEAN ONARTU DUTE Kolonbiako 2017ko Munduko Txapelketan izango da Euskal Selekzioa J.O. Euskal selekzioen ofizialtasunaren bidean, oztopo berri bat erori zen atzo, CIJB (Confederación Internacional de Jeu de Balle) nazioarteko erakundeak Euskadiko Pilota Federazioa kide bezala onartuta. Donostian egin zuen CIJBk bere batzar orokorra eta euskal partaidetzak ez zuen inolako arazorik eduki onartua izateko. Berez, espainiar Estatuko ordezkari gisa, Valentziako Federazioak bazuen betoa ezartzeko eskubiderik, baina bi erakundeen arteko harremanak bikainak dira –gainera bietako inork ez du harremanik Espainiakoarekin– eta pozez hartu du Daniel Sanjuan Valentziako Federazioko eta CIJBko lehendakariak euskaldunak erakundera batzea. Lehiari dagokionez, Euskal Selekzioa –herrialde guztietako pilotariak batuko ditu– irailean estreinatuko da, irailean jokatuko den Europako llargues modalitateko Txapeldunen Ligan. Lehiaketa horren finala, gainera, Donostian bertan jokatuko da. Apur bat geroago, 2017ko ekainean, Kolonbiako Pasto hirian jokatuko den Munduko Txapelketan ariko dira euskaldunak. Nazioarteko txapelketa horretan lau modalitatetan jokatuko da, one wall –pareta bakarra–, llargues –euskal errebotearen antzekoa–, nazioarteko modalitatea –errebotearen tankerakoa– eta bertako modalitatea. Euskaldunak hasi dira jada lehiaketok ilusioz prestatzen.