2016 OTS. 22 Mockingbird Jon GARMENDIA Idazlea Hil da urretxindorra, mundutik urrun, lurraren erdigune emozional eta erraietatik, baina Nelle Harper Lee non eta nola hil den ez da erraza asmatzen, “To kill a Mockingbird” arrakastatsua idatzi zuenetik lehen lerrotik desagertu zelako Atticus Finch abokatu hilezkorraren sortzailea. Elkarrizketak eskaintzeari utzi zion, Alabamako Monroeville jaioterriko isiltasunera erretiratuta. Batzuek Gregory Peck oroituko dute azal beltzeko gizona defendatzen, azal zuriko neska bat bortxatzeaz injustuki akusatua, semeari ausardia ez dela pistola bat eskuetan izatea kontatzen: «Ausarta zara, aurrez galduta daukazula jakinda, saiatu eta bukaera arte borrokatzen bazara. Ez duzu askotan irabaziko, baina noizbait irabaz dezakezu». Eta beste batzuek Scout Finch oroituko dute, Atticusen alaba, eleberriaren narratzailea, bere begi gazteekin aita ikusten, nola dabilen kiratsa darion gizartea hobetu nahian. Truman Capote handiaren laguna izan zen Harper Lee, eta Pulitzerrarekin saritutako liburua Capotek idatzi ziola iradoki duenik izan da. Emakumea ezbaian, juzgatua, gutxitua, esklabotzan azal beltzekoak bezala. Harper Lee gizona izan balitz, ehunka elkarrizketa emango baitzituen, eta famaren olatuan hara-honaka ibiliko zen burua agertzen, kontsiderazio handiagoa izango zuen, eta kultura liburuetan puntaren puntan agertuko zen. Eta albistegiek bere heriotza kontatuko ziguten beste ezer baino lehen. Hori da nire teoria.