2016 OTS. 25 JO PUNTUA MWC-ak baditu milaka aurpegi Iratxe Esnaola Hezkuntzan doktorea Gaur bukatuko da Bartzelonako Mobile World Congress deritzana: mugikorren industriaren barruan urtero egiten den munduko azokarik entzutetsuena. 2006an antolatu zen lehen aldiz eta 2023. urtera arte, gutxienez, Fira de Barcelonan egingo da. Hedabideetan oihartzun handia izan du. Erakutsi dizkigute smartphoneetako azken eskaintzak. Eta nolakoa izango omen den gure etorkizuna. Hitz egin digute Mark Zukerberg-en presentziaz. Eta kontatu digute Ada Colauk grebalariez adierazitakoa. Eta azoka honek 90 enpresa teknologiko katalanetan izango duen inpaktu ekonomikoari zenbakiak ere jarri dizkiote: 7 eta 10 milioi euro artean. Teknologia ekoitzi eta kontsumitzeko modu bat erakutsi digute hedabideek: MWCaren aurpegi bat. Baina MWCak milaka aurpegi ditu. Asko ezkutukoak edota isilpekoak. Horiek erakusteko, hain zuzen, MWCarekin batera, beste lau ekimen antolatu dira, modu koordinatuan, “Plantemos cara al MWC” kanpainaren barruan: Burujabetza Teknologikoaren Kongresua, AntiMWC Jardunaldiak, Mobile Common Congress eta Mobile Social Congress. Ekimen hauek modu kritikoan begiratzen dute MWCa. Segurtasunaz eta pribatutasunaz arituko dira. Eta nola mugikorren industriak herritarren gaineko kontrola handitzea duen helburu. Software librea ere hartuko dute gaitzat, burujabetza teknologikoa lortzeko alternatiba gisa aurkeztuta. Salatuko dituzte mugikorrak ekoizten dituzten enpresetako lan baldintzak, ordutegi mugagabeak eta soldata miserableak. Eta baita mugikorrak ekoizteko erabiltzen den mineralak eragindako osasun kalteak ere. Isilpeko aurpegi horiengatik, hain zuzen, MWCa aukera paregabea da teknologiaren eremuan alternatibak badaudela erakutsi eta herritar eta erakundeei euren ardurak exijitzeko. Erakundeek, mugikorren industriaren balio kate osoa giza eskubideak errespetatuz garatzen dela bermatu beharko lukete. Herritarrok, gutxienez, teknologia kontsumitzeko moduaz hausnartu beharko genuke. Eta koherenteak izan. MWCa aukera paregabea da teknologiaren eremuan alternatibak badaudela erakutsi eta herritar eta erakundeei euren ardurak exijitzeko